Txakurrenganako neurriak hartzeko kanpaina abiatu du Getariako Udalak

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 11

Elkarbizitzarako beharrezkoak diren neurriak jaso nahi dituzte abiatu duten kanpainan. Ordenantza behin-behinean onartzen denean izango dute herritarrek ekarpenak egiteko aukera

Informazio kartelak jarriko dituzte kalean. (Argazkia: Getariako Udala). Txakurrenganako neurriak hartzea erabaki berri du Getariako Udalak, eta hainbat ekinbide biltzen dituen kanpaina abiatuko dute horretarako. Batetik, animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza berrituko du datozen hilabeteetan. Hain justu ere, txakurrek debekatuta izango dituzten eremuak finkatu, uhalak jartzera eta gorotzak jasotzera behartu, txakur arriskutsuen zerrenda berritu, arau hausteak eta isunak eguneratu, erroldatze prozedura finkatu eta orokorrean "elkarbizitzarako beharrezkoak diren neurriak" jasoko ditu ordenantza berrituak. Bestalde, herriko hainbat tokitan informazio kartelak ere jarriko dituzte. Alde batetik, txakurren gorotzak jaso eta txakurra lotuta eraman behar dela gogorarazten dutenak jarriko dituzte; eta, bestetik, txakurrak aske ibiltzea zein lekutan debekatuta dagoen ere azalduko dute kartelek. Azken horiek, haur parkeetan jarriko dituzte batez ere. Udalaren arabera, azkenaldian asko hazi da etxeko animaliak izateko joera, eta animalia horien artean, txakurrek izan dute hazkunderik handiena. Horrek, ordea, getariarrengan hainbat kexa sortarazi dituela azaldu du udalak: "Herritarrek ia egunero adierazten digute gai horrekin lotutako kexaren bat, eta herritarrak entzuteko jarri ditugun bideetan, Guztiok 1! parte hartze prozesua kasu, behin eta berriz atera da gaia". Udalaren hitzetan, egunerokoan "adibide andana" ikusten da: txakur gorotzak espaloietan, plazetan, berdeguneetan, haur parketan, bide publikoetan, establezimenduen atarietan eta  eraikin publikoen sarbideetan. Nolanahi ere, txakur gorotzak ez dira arazo bakarra. Lotu gabeko txakurrak jendea edo haurrak ibiltzen diren guneetan eta batzuetan inolako babesik gabe ere ibiltzen dira, udalak jakinarazitakoaren arabera. "Denek elkarbanatzen duten espazioa zaintzea eta errespetatzea dira horretarako gakoak". Ordenantza behin-behinean onartzen denean, herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dutela jakinarazi du Getariako Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide