San Anton jaietako ekitaldiak igande honetan, urtarrilaren 14an, hasiko dituzte Getarian. Egun horretarako bertso saioa antolatu dute. Ekintzak urtarrilaren 21a bitartean antolatu dituzte, baina festetako egun handia urtarrilaren 17an (asteazkena) ospatuko dute, San Anton egunez. Egun horretan, aurtengo Getariako Txakolinaren uzta berria aurkeztuko dute, eta dastatzeko aukera ere izango da.
GETARIAKO SAN ANTON JAIETAKO EGITARAUA:
- Urtarrilak 14, igandea. 18:00etan, bertso saioa, Cristobal Balenciaga Museoan. Bertsolariak: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Igor Elortza, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi. Gai-jartzailea: Uxue Alberdi. Sarrerak 10 euro balio du. Sarrerak aurrez Turismo Bulegoan eros daitezke eta egunean bertan leihatilan.
- Urtarrilak 16, asteartea. - 17:00etan, txokolatada, plazan. - 18:00etan, Tomaxen abenturak taldearen eskutik, Hiru ipuin pailazo ikuskizuna, frontoiko karpan. - Ondoren, buruhandiak eta Sugarri txaranga.
- Urtarrilak 17, asteazkena. San Anton eguna. - 09:00etan, Diana Gazte Alaiak txistulari taldearekin. - 10:30etik aurrera, Azoka, Harritarten, plazan eta berdura plazan. - 12:15ean, txakolin uzta berriaren aurkezpena, herriko frontoian. - Ondoren, txakolinaren dastaketa, Kupela taldeak girotuta, herriko frontoian eta Harritarten. - Jarraian, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak, udaletxeko balkoitik. - 18:00etan, herri kirolak, herriko frontoian. Aizkoran: Arria V.a, Hodei Ezpeleta, Mieltxo Mindegia eta Goizeder Beltza. Harri jasotzen: Mikel Lopetegi Urra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a. - Ondoren, bertsolarien bigarren saioa, udaletxeko balkoitik. - Jarraian, Kupela taldeko Zabale eta Larrañaga trikitilariak, udaletxeko balkoitik.
- Urtarrilak 21, igandea. - 09:30ean, diana Getariako Musika Bandarekin. - 12:30ean, Getariako Musika Bandaren sanantonetako kontzertua, Salbatore Deunaren elizan.