Getariako Keta futbol taldeko erregionalak prest dira igoera faserako

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 5a, 10:10

Maiatzaren 20a bitarte, hamar talde lehiatuko dira mailaz igotzeko. Denboraldiaren hasieratik hobera egin dutela uste dute. Astebete geroago hasiko dira jubenilak Koparen lehian.

Argazkia: Getariako Keta futbol taldea. Gipuzkoako Futbol Federazioak datozen asteetako egutegiaren zozketa egin zuen abenduaren 26an, eta zozketak erabaki bezala, asteburu honetan hasiko dute Getariako Ketako futbol taldeko I. Erregional mailakoek igoera fasea. Abenduaren 16an jokatu zuten denboraldiko lehen faseko azken partida Sporting Herrera taldearen aurka, eta gorengo postuan sailkatu zen Getariako erregional mailako taldea; 28 puntu eskuratuta, hain zuzen ere. Pasaia, Segura-Goierri, Ilintxa, Dunboa Eguzki, Munibe, Iluari, Usurbil, Aloña Mendi eta Orereta Kafea taldeak izango dituzte aurkari maiatzaren 20a bitarteko igoera fasean. Oier Idiakez Getariako Ketako kideak lehenengo fasearen balorazio positiboa egin du: "Lortutako emaitzaz gain, taldekide guztiak inplikazio handia izan dugu, eta entrenamenduetan jokalari asko elkartu gara; hama zazpi lagun inguru". Hori guztiaz gain, taldekideen arteko harreman onak emaitzan bere eragina izan duela uste du Idiakezek. Gorka Lazkano Ketako erregional taldeko jokalaria ere bat dator Idiakezen hitzekin, denboraldiko partidak "erraz" jokatu dituztela uste du: "Taldekideok postuz aldatu gara denboraldian zehar, eta ikasi egin dugu". Gerora ere, horrek eragin positiboa izango duela uste du. Taldekideek elkarren artean ere lehiakortasuna badutela azaldu du, eta hori aberasgarria dela iruditzen zaio: "Lehia horrek inplikazio handiagoa ekartzen digu". Atzera begira, denboraldiaren hasieratik "aurrerapauso txiki bat" eman dutela uste du Idiakezek. Jende berria ere batu zaie taldera ibilbidean, eta apurka-apurka, taldea hobetu dela irizten dio. Igoera fasean hamar taldetik bik izango dute mailaz igotzeko aukera, eta anbizioz begiratzen dio Ketak datozen hilabeteei. Ez dituzte abenduaren 26an zozketak erabakitako arerioak ezagutzen: "Talde bakarra ezagutzen dugu: Iluari. Horien aurretik sailkatzea espero dugu", aitortu du Idiakezek, barre artean. Aurreko futbol denboraldian mailari ezin izan zion eutsi Getariako futbol taldeak eta mailaz jaitsi zen. Orain, ordea, galdutako maila berreskuratzeko taldea prest dagoela uste du Lazkanok: "Lan asko egingo dugu, eta orain arteko bide berdinetik segitzeko asmoa daukagu. Inork ez digu ezer oparituko, eta borroka horretan gogor saiatuko gara". Jubenilak, Koparen lehian Ketako jubenil mailako taldea, aldiz, astebete geroago hasiko da Koparen lehian. Seigarren sailkatu ziren jubenilak futbol denboraldiaren lehenengo fasean, Zarautzekin berdinduta. Zarautz, Burumendi, Ikasberri A, Amara Berri A, Añorga, Santo Tomas Lizeoa B eta Sporting Herrera futbol taldeen aurka jokatu beharko dute Kopako bigarren fasea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide