[caption id="attachment_330197" align="aligncenter" width="300"]

Getariako Abesbatzako kideak (Salbatore Denauren Abesbatza).[/caption]
Salbatore Deuna Abesbatzako kideek urteak eman duenari buruzko "hausnarketa txiki bat" egin dute, herritarrekin partekatzeko. "Getariak behar izan gaituen guztietan erantzuten ahalegindu gara, eta bestalde, poza ematen digu getariarrek badutela non kantatua. Gure herriak kantatzeko beti izan duen ohiturari jarraipena eman nahi diogu, ez dadila katea eten", adierazi dute.
Nice M. Cresporen zuzendaritzapean, 40 lagun inguruk osatzen dute abesbatza. Urtean zehar leku eta egoera ezberdinetan kantatu ohi dute; elizkizunetan ez ezik, bestelako ekitaldietan –Salbatore jaietan, Zaharren Omenaldian, San Antonetan txakolinari, Antxuaren Egunean eta Xixili Donearen egunean– eta Getariako auzoetan –San Prudentzion, Askizun, eta Meagan– ere bai. Azken hilabetea "benetan oparoa" izan dutela nabarmendu dute: "Igeldoko Lezkarri Abesbatzarekin batera eskaini genuen kontzertua abenduaren 10ean; herriko haurrekin hilaren 17an, Eguneko Zentroan hilaren 21ean, eta, noski, hilaren 24an kalez kale aritu ginen".
Jarduera horiek guztiak egiteko hainbaten laguntza jaso dute, "gure bidea errazagoa egin dutenak". Hori horrela, ondorengoei eskerrak eman dizkiete: Getariako Udala, Kofradia, Eliza, Itsas-Mendi Gutiziak, Txomin Etxaniz txakolina, Txakolinaren Jatorrizko Deitura, Irizabal Arrainak, Viveros San Anton, Elkano Arraindegia, eta Izarri Okindegiari.
2018ari ilusioz begiratzen diote: "Aurten bezalaxe, hainbat ekitalditan parte hartzea espero dugu. Gainera, gutxiagotan izaten dugun aukera datorkigu: Elkanoren Lehorreratzean gure herriko seme haundienetakoaren omenez
Gora Elkano kantatzeko aukera izango dugu. Inork gure proiektuaren partaide izan nahiko balu, nahikoa da kantatzeko gogoa izatea".