Elkanoren inguruko erakusketa berria jarri dute Donostiako Untzi Museoan

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 20a

Juan Sebastian Elkano nabigatzaileari balioa ematea da erakusketaren xedea. Urritik ikusgai dagoen erakusketa osatuko du orain jarritakoak, eta otsailera arte egongo dira biak.

Otsailera arte egongo dira bi erakusketak irekita. (Argazkia: G.F.A.) Elkano, IV. Mendeurrenaren legatua erakusketa jarri zuten pasa den astean Donostiako Untzi Museoan. Urriaren 11tik ikusgai dagoen Elkanoren oroimena berreskuratzen. 1921eko monumentuaren proiektua erakusketa osatzen duen bilduma da orain ipinitakoa, eta 2018ko otsailaren 18ra arte ikusi ahal izango dira biak. Juan Sebastian Elkano nabigatzaile getariarrari balioa ematea da bi erakusketen xedea. Munduko Lehen Biraren IV. Mendeurrenaren Batzordeak ezin izan zuen nabigatzailearen omenezko monumentua eraiki, baina ekintza andana sustatu zituen (hitzaldiak, erakusketak, pintura-enkarguak eta antzezpenak), eta gaur arte iritsi dira. IV. mendeurrenaren lehen antzezpena egin zuten, eta baita hainbat obra zibil ere: esaterako, udaletxea, arrantzaleen aterpetxea, eta babes portua zabaltzea. 1928ko lehorreratzearen antzezpeneko pelikula bat ere izango da Donostiako Untzi Museoan, Jose Ramon Garcia Murgak grabatutakoa. Hainbat egileren bitartez, Elkanoren ikonografia berezi bat eratu zen ondorengo urteetan. Asko izan ziren prozesu horretan parte hartu zuten artistak; besteak beste, Elias Salaverria, Ignacio Zuloaga eta Pablo Uranga. Mendeurrenaren ospakizun hura ez zen Euskal Herrira soilik mugatu; Madrilen eta Sevillan ere Elkanoren balentriaren inguruko ekarpenak bildu baitzituzten. Salaverriaren eta Urangaren obra batzuk ikusgai dira erakusketan, egun Getariako Udalaren jabetzakoak direnak. Ricardo Bellveren eskultura eta Antiguako Ama Birjinaren ohola, Madrilgo hiribilduak eta Sevillako hiriak, hurrenez hurren, dira Espainiko Estatuan mendeurrenaren ospakizunak izan zuen oihartzunaren adibide. Bestalde, nabigatzaileak munduari bira emateko erabilitako Victoria ontziaren maketa bat ere erakusgai dago erakusketan, 70eko hamarkadan Gereka anaiek egindakoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide