Hainbat hedabidek argitaratutakoaren arabera, atzerrian ikasteko beka bati esker bidaiatu zuten Txilera, eta seihilekoa amaitu ostean, Viña del Mar hirian egun batzuk pasatzeko asmoa zuten biek.
Gertukoen arabera, furgoneta bat aurrez aurre zetorkion autobusari, eta talka saihesteko emandako bolante kolpearen ondorioz irauli zen autobusa. Viña del Mar hiriko ospitalera eraman zituzten istripuan zauritutakoak, eta horien artean, bi gipuzkoarrak.
Istripuan eskubiko besoan hartutako kolpearen ondorioz, hiru ebakuntzari aurre egin beharko dio getariarrak. Ostiralean egin zioten aurrenekoa, eta atzo, berriz, bigarrena. Bihar egingo diote azkena, eta gertukoen arabera, ebakuntza "gogorrena" izango da azkeneko hori. Hasiera batean, Viña del Mar hiriko ospitalean bazegoen ere, Santiagoko ospitalera lekualdatu dute zauritua.
Odol emaileen bila
Txileko Alberto Hurtado unibertsitatean izan dira hilabete hauetan gipuzkoarrak. Unibertsitateak berak argitaratutako ohar ofizialaren arabera, ebakuntza bakoitzeko zortzi odol emaile behar dira Txileko odol emaile sisteman. Santiagon eta, oro har, Txilen dauden euskaldunei zabaldu diete mezua gertukoek, eta odola ematera animatu dituzte.