'Kultura Saretzen' osatzen duten zinegotzi eta teknikoek Batzar Orokorra egin dute gaur goizean Balenciaga Museoan. (Argazkia: gipuzkoa.eus)
Kultur politikaren balorazioa egin eta datorren urteko planak aztertu dituzte bertan. Elkarlanean eta sarean arituz, ezagutzak eta baliabideak elkarbanatzea da
Kultura Saretzen egitasmoaren helburu nagusia.
Besteak beste, KBulego zerbitzua, kultur proiektuak internazionalizatzeko laguntzak eta Koldo Mitxelena kulturguneko berrikuntza izan dira hizketagaiak. Denis Itxaso Kultura Diputatuak aurkeztu du KBulegoa: kultura-sektore osoa laguntzeko eta aholkuak emateko bulego berria. Azaroaren 27an ireki zituen ateak, eta laguntza eskaintzen dien kultura eta sorkuntza enpresak garatzeko prozesuan Foru Aldundiak inplikazio jarraitu bat izatea ekarriko du proiektuak. Kulturaren alde lan egiten duten sortzaile, elkarte, erakunde eta enpresei aholkuak emango dizkiete, sektorea garatzeko baldintzarik onenak sor daitezen. Bestalde, Kultura Sailaren eta beste erakunde batzuen laguntza-programei buruzko informazioa ere emango du KBulegoak. Erakundeen arteko elkarlana estua eta etengabea izan dadin, garrantzizkotzat jo dute udalek KBulegoa ezagutzea.
Itxasoren arabera, legealdi honetan bere sailak hitzemandako ekimenen %50 baino gehiago burutu ditu, eta gainerakoak bidean dira: "Kultura politika berri baterako oinarriak ezarri ditugu perspektiba progresista, multikultural eta urbano batetik, azken urteetako eraldaketari eta datozen eraldaketei erantzuteko asmoz, ziur gaude kultura gizartea eraldatzeko, balioak berreskuratzeko eta Gipuzkoaren aurrerapenerako funtsezko lanabesa dela”.
Hiru ardatz oinarri hartuta egin dute kudeaketa, Itxasoren hitzetan: Eraldaketa, Partaidetza eta Berrikuntza. Hiru ardatz horien bitartez, Gipuzkoako kultura politika berri baterako oinarriak jarri dituztela azaldu dute. Beste zenbaiten artean, Kbulegoa, Elías Querejeta Zine Eskola, Koldo Mitxelena kulturgunearen liburutegia berritzea eta Komunikazio digitalaren proiektuak aipatu dituzte.