"Kostua 130.000 euroan igo arren", Getariako beilatokiaren proiektua martxan jarri izana salatu du EAJk

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 5a

Argazkiak: Getariako EAJ Alderdi jeltzaleak EH Bilduk beilatokiaren proiektua martxan jarri duela salatu du, kostua 130.000 eurotan igo den arren. Lanak "ezkutuan eta presaka" hasi izana salatu du Aitor Urresti Getariako EAJko bozeramaileak. 12.000 eurotik 142.000 eurora igo dela azaldu du: "100.000 euroko kostua zuen Eskualtxetako proiektuak eta 88.000 euro Eusko Jaurlaritzak ordaintzen zituen diru-laguntza bidez. Orain, diru-laguntza galdu dute, eta gainera, proiektu berriak 142.000 euroko kostua du. Beraz,142.000 euro ordainduko ditugu getariarrok orain, gehi urtez urteko gestioa, urtean batazbeste hiltzen diren 20 pertsona artatzeko". Herriari informazio eskubidea ukatu eta parte hartzen utzi gabe egin dela gaineratu du. Bestalde, EH Bilduri galdetu dio ea zergatik ez zaien herritarrei galdegin diru-laguntza galdu ondoren beilatokia egiteak merezi duen. EH Bilduren "utzikeria" eta kontu publikoen "gestio txarra" salatu du EAJk: "Ez da zilegi getariar guztion diruarekin horrela jokatzea. Herriak baditu behar ugari, eta gobernu honek nahi duen tanatorioa egiteko, bertan behera jarraituko dute" Duela hilabete iragarri zuen Getariako Udalak beilatokia hilerriaren inguruan eraikitzeko proiektua. Duela bi urte Eskualtxeta eraikin publikoko lokal batean eraikitzea asmoa azaldu zuten, baina espazio berrirako egokitu dute. Hala, beilatokia hilerrian eraikitzeak aurrekontuan bere eragina izango zuela azaldu zuten. Askoz ere espazio zabalagoak izango zituela eta herritarrentzat erosoagoa izango zela arrazoitu zuen Getariako Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide