Zaldibarren jokatutako txapelketako parte-hartzaileak.
Eneko Arbeo soinu-jotzaile azpeitiarrak eta Mireia Ibabe pandero-jotzaile bergararrak bigarren egin zuten herenegun, Euskal Herriko Trikitilari Gazteen XXVI. Txapelketan. Zaldibarko (Bizkaia) Olazar pilotalekuan jokatu zuten txapelketa, eta sei bikotek parte hartu zuten. Txapelketa Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta zumarragarrek irabazi zuten, Arbeok eta Ibabek baino 0,10 puntu gehiago batuta. Hain zuzen ere, irabazleek 126,85 puntu jaso zituzten, eta 126,75 puntu bigarrenek.
Bizkaiko Trikitixaren saria ere banatu zuten igandeko txapelketan, eta hori Arbeo-Ibabe bikoteak eskuratu zuen; izan ere, 31,75 puntu bildu zituzten pieza horrekin. Sailkapeneko hirugarren tokia, berriz, Aitor Uzkudun errezildarrarentzat eta Naiara Urresti getariarrarentzat izan zen. Eta Enaitz Alberdi pandero-jotzaile azpeitiarra bosgarren sailkatu zen, Lierni Tolosarekin.
Honako hau izan zen Euskal Herriko Txapelketako sailkapena:
1.- Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta (126,85 puntu)
2.- Eneko Arbeo eta Mireia Ibabe (126,75 puntu)
3.- Aitor Uzkudun eta Naiara Urresti (119,70 puntu)
4.- Eider Tolosa eta Lierni Tolosa (118,60 puntu)
5.- Lierni Tolosa eta Enaitz Alberdi (110,70 puntu)
6.- Izaro Oleaga eta Jurgi Ituarte (104,20 puntu)