Getariako lau eragilek TTIP eta CETA itunen aurkako ekimenak antolatu dituzte

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 28a

Duela urtebete egin zuten bezala, TTIP eta CETA akordio komertzialen aurka ekimenak antolatu dituzte elkarlanean Elan-Euskadik, gaztetxeak, Getariako Udalak eta Getariako Eskubide Sozialen Kartak, Herriok Erabaki-Herriok Eraiki lelopean. Ostiralean, 17:00etatik aurrera, ipuin kontalaria izango da umeentzat liburutegian. Larunbatean, aldiz, ekitaldia egingo dute plazan, 12:30ean. Herriko musikariek, irakurle taldekoek eta bertsolariek parte hartuko dute, eta, azkenik, adierazpen bat irakurriko du herritar batek. Eguraldia lagun badute, bertako produktuekin osatutako saskia zozkatuko dutela iragarri dute. Azken hilabeteetan TTIP eta CETA bezalako hitzarmen komertzialek herritarrei ekarriko dizkieten ondorioak salatzen ari direla azaldu dute antolatzaileek. Alde batetik, urriaren 27an Espainiako Senatuan Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko ekonomia eta merkataritza askeko CETA akordioa onartu zutela gogorarazi nahi izan dute, PP, Ciudadanos, PDeCat eta EAJ aldierdien aldeko botoekin. Nolanahi ere, herritarren bizitzetan "eragin itzela" izango duen akordio honek komunikabideetan oihartzun gutxi izan duela uste dute. Bestalde, AEBen eta Europar Batasunaren artean sinatu nahi duten TTIP hitzarmen komertzialak askoz ere lausoagoak eta bortitzagoak diren lege baldintzei ateak irekiko dizkiola irizten diote. Besteak beste, herritarren elikadura eta gizarte eskubideak urratuko eta zapalduko dituela uste dute, "multinazional gutxi batzuen irabaziak erdigunean jarriz, modu ezkutuan eta isilean eta herri interesak desagerrarazi nahian". Gainera, "azken urteetan ikusi bezala", hitzarmen horien bitartez pertsonen artean arrakala handiak sortzeaz gain, herri kohesioa ere apurtzen dela iruditzen zaie.
Alternatibak helburu Kapitalaren eta bizitzaren arteko "talka nabarmenaren" aurrean aurkitzen direla uste dute. Haien iritziz, erresistentzia ekimenak egiteaz gain, alternatibak identifikatu, eraiki eta horiekin babestea da konponbidea. Akordio komertzial hauen ondorioak larriak eta askotarikoak direla uste dute antolatzaileek: "Nahiz eta urrutiko zerbait iruditzen zaigun, gure egunerokotasunean epe luzera eragin zuzena eta handia izango dute akordioek".
Gaiak duen "eragin transbertsala" kontuan izanik, Getarian alternatibak planteatzea eta plazaratzea dute helburu. Alternatibak egon badaudela uste dute, eta antolatzaileen iritziz, egunerokoan horien aldeko apustua egitea da gakoa: tokiko elikaduraren alde egitea, komunitatearen erabakigune propioak babesten dituzten proposamenak bultzatzea, inertzia eta dinamika indibidualistei eta baztertzaileei aurrez aurre begiratzeko eta aldatzeko jarrera eraikitzaileak lantzea, herri mugimenduen indarrari dagokion balioa ematea eta herriko eragileen arteko aliantzak eta elkarlan erreala sustatzea, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide