Iosu, Oier eta Inge Iribar anaiak, Zarautzen jokatutako triatloiaren ondoren. (Utzitakoa).
Eskualdeko hainbat korrikalarik hartuko du parte igande honetan Donostian jokatuko den maratoian. Horien artean izango dira Iosu, Oier eta Inge Iribar anaia getariarrak. Iosu Iribarrek egina du lehendik ere proba, baina hirurak batera aurten hartuko dute parte lehenbiziko aldiz. «Zarauzko Triatloian, esaterako, hirurok elkarrekin atera ginen, baina proba hau ez dugu lehenago elkarrekin egin. Hiruroi otu zitzaigun ideia, eta gogotsu gaude iganderako», adierazi du Iosu Iribarrek.
Aste barruan ez dute elkarrekin entrenatzeko betarik izaten, eginbeharrak direla medio. Ordutegi ezberdinak dituzte, eta bakoitzak bere denbora librean hartzen du kirola egiteko tartea. Asteburuei, ordea, elkarrekin entrenatzen ateratzen diete zukua: «Askotan Zarauztik Getariarainoko bidea lasterka egiten dugu larunbatetan eta igandetan elkarrekin, eguna argitzen ari dela», azaldu du.
Aspalditik datorkie iribartarrei kirolarekiko zaletasuna. Oier futbolean ibilia da Zarautzen eta Elgoibarren, eta Inge eta Iosu arraunlariak izan dira urte askoan. Iosu izan zen atletismoko probetan parte hartzen lehena, eta Inge anaiak probatu zuen ondoren. Orain, Getaitri Getariako Triatloi Klubeko kide dira hirurak. Azkenaldian Ironman erdiko distantziak egiten ibili dira, eta Iosu Iribarren hitzetan, ez da ohikoa horrelako probetan jendea elkarrekin parte hartzen ikustea.
«Aste honetan bertan hankeko mina izan dut, eta anaiei komentatu diet ea maratoia bakoitzak bere kabuz esprintean edo elkarri eskua emanda amaituko dugun», dio barrez Iosuk. Duela gutxi ere egin zuten Donostiako bizikletako proba bat, eta azkenean hiru anaiak elkarri laguntzen amaitu zuten. Elkarren artean lehia egon badagoela dio, baina modu natural batean bizi dutela uste du: «Batzuetan izan dugu gainontzekoak baino lehenago amaitzeko lehia sanoa, baina ez dugu sekula apusturik egin eta ez gara inoiz elkarrekin haserratu ere».
Donostiako Maratoian ere filosofia bera jarraituko dute, eta erronka bakarra izango dute: anaiek elkarrekin hiru ordu eta erdiko denbora ez gainditzea. «Hiruak batera elkarri eskutik helduta amaitzea da gure asmoa, eta erritmo lasaian joango gara. Denbora asko da, baina hori ez gainditzearekin nahikoa dugula uste dut. Proba luzea da, eta ordu asko dira lasterka».
Neguan baino, udaberrian aritzen dira gehiago triatloi probetan, eta lasterketa horiek lasaiagoak izaten dira anaientzat. Uda partean, berriz, urtero bezala, Zarauzko Triatloian hartuko dute parte. Hala ere, urruti ikusten dute oraindik hitzordu hori. Igandean, Donostian jokatuko den maratoirako buru-belarri ari dira entrenatzen, eta momentuz, proba horretan jarriko dituzte indarrak.
40. maratoia izango da Donostian jokatuko dena. Errondo pasealekuan emango diote hasiera probari, eta Anoetako estadio txikiaren inguruan egingo dituzte korrikalariek azken kilometroak. 42,195 kilometroko ibilbidea egingo dute maratoi osoan parte hartzen dutenek. Alabaina, ez da proba bakarra izango. 10 kilometroko eta maratoi erdiko lasterketa ere izango dira. Hiru lasterketak kontuan izanda, 6.500 korrikalari baino gehiago espero dituzte Donostiako kaleetan.