"Indarkeriatik libre egongo den gizarte bat eraikitzeko" konpromisoan berretsi da Getariako Udala

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 23a

Indarkeriaren izaera “estrukturala” nabarmendu nahi izan dute Getariako Udaleko alderdi politikoek. Hala, “emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den” gizarte baten aldeko konpromisoan berretsi da udala. Bestalde, nazioarteko zuzenbide-esparruarekin bat eginez, "genero-arrazoiek eragindako bazterkeriaren eta indarkeriaren arteko lotura" badagoela azaldu dute. Emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimei laguntza emateaz gain, beharrezkoa bada plano ezberdinetan esku-hartzea: prebentzioan, detekzioan, arretan, babesean, koordinazioan, justizian eta erreparazioan. Haien hitzetan, berdintasun gizarte bat oinarritzat hartuz, erreparazio-eskubidea emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzunean sartzea da erronka. Indarkeriak sortutako inpaktuak ikusarazteko beharrezkoak diren baliabideak eskura izan behar dituztela adierazi dute, deslegitimazio soziala helburu harturik. Erreparazio-bideak proposatzeko duten zilegitasuna emate aldera, beharrezkoa ikusi dute indarkeria matxistaren biktimei eta beraien elkargune diren elkarteei ahotsa eta protagonismoa ematea. Hala, udalaren agenda politikoan indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidea eta horri buruzko hausnarketa sartzeko konpromisoa hartu dute. Bestalde, emakume kolektiboekin eta herritarrekin batera, udalean plan eta neurri estrukturalak hedatzearen eta sortzearen alde egin dute. Gizartearen aldaketa estrukturala ere garrantzizkotzat jo dute, eta kultur-eragileak, hedabideak eta herri erakundeak inplikatzea beharrezkoa dela uste dute. Beraz, indar politiko eta erakundeen adostasunaren bitartez, beharrezkoak diren baliabideak abiatzeko prest agertu dira; aurrera begira indarkeria gizartetik desagerraraztea helburu izanik. Era horretan, zenbait proposamen luzatu dituzte EH Bilduk eta EAJk. Alde batetik, berdintasun unitatea ekonomikoki indartu ez ezik, egonkortu eta indartzeko konpromisoa hartu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari ere mezua bidali diete: “Berdintasuna lortzeko aurrekontu partidak handitu, berdintasun zuzendaritza indartu, epaitegietako genero unitateak doitu eta legea berrikusteko konpromisoa hartzera gonbidatu nahi ditugu”. Hezkuntza eragileak ere aipatu dituzte, eta lerro kurrikularretan berdintasuna lantzeko proposatu diete. Haien eskuduntzen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko apustua egin du udalak. Azkenik, kolektiboei eta norbanakoei berdintasunaren aldeko konpromisoa har dezaten eskatu diete; urteko egun guztietan. Azaroaren 25ean erakundeek egindako deiekin bat egiten dutela adierazi, eta herritarrak mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte. Larunbatean elkarretaratzea izango da plazan 12:00etan, udalak deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide