Astelehenean abiatuko dute 2018ko udal aurrekontuak osatzeko 'Guztiok 1!' prozedura.
2018ko udal aurrekontuak ostatzeko,
Guztiok 1! prozedura jarriko du martxan Getariako Udalak. Herritarren iritziak eta ekarpenak jaso nahi dituzte, herritarrek udal-erabakietan protagonismoa izan dezaten. Herritarren parte-hartzea bermatzeko eta proposamenak jasotzeko, bide ezberdinak irekiko dituzte datozen egunetan. Parte-hartze fitxak banatuko dituzte etxe guztietan, eta arloz arlo proposamenak idatzi ahal izango dira fitxa horretan. Udaletxean horretarako jarriko diren postontzietan aurkeztu ahal izango dira proposamen horiek.
Baina, parte-hartze fitxak ez ezik, bilera irekiak ere antolatu dituzte. Lau bilera egingo dituzte herritarrekin, azaroan zehar. Lehenengoa astelehenean izango da, 21:00etan, Meaga eta Eitzagako auzokideekin. Azaroaren 23an, aldiz, bi bilera egingo dituzte: hirigintza, tokiko garapena eta turismoaren ingurukoa, 19:00etan; eta Askizu eta San Prudentzioko auzokideekin, 21:00etan. Herriko elkarteekin ere batuko dira, azaroaren 28an. Datozen egunetan gonbidapenak igorriko dizkietela iragarri du Getariako Udalak. Azaroaren 30ean izango da azkena; Kultura, Euskera, Kultura, Hezkuntza, Kirola, Ongizatea eta Partehartzea batzordeak elkartuko dira 19:00etan udaletxean.
Internet bidez ere jasoko dituzte herritarren proposamenak. Alde batetik,
on line inprimakia betetzeko aukera ere jarriko dute Getariako Udalaren webgune ofizialean,
getaria.eus helbidean. Bestetik, horretarako sortu duten
guztiok1aurrekontuak@gmail.com posta elektronikoa erabili ahal izango da, mezuaren gaian
GUZTIOK 1 idatzita; beti ere. Azaroaren 30a izango da proposamen guztiak jasotzeko azken eguna.
Parte hartze prozesuari amaiera emateko, Udala informatzen saioa egingo dute. Jasotako ekarpenen berri emango dute saio horretan, eta prozeduraren balorazioa egin nahi dute herritarrekin.