37 herritar batu ziren prozesuko azken bileran.
Espazio publikoan erabilera pribatuko elementu higikorrak arautzeko udal ordenantzaren lanketan murgilduta dago Getariako Udala. Tabernetako zaraten inguruko neurriak hartzea, terrazen eremuak definitzea, udalari eskaerak egiteko prozedurak finkatzea eta arauak betearazteko baliabideak zehaztea izango dira ordenantzak jasoko dituen gaietako batzuk, beste zenbaiten artean.
Urriaren hasieran abiatu zuten prozesuaren lehenengo fasea. Herritarrekin, ostalariekin eta dendariekin bilera bana egin zuten; gaia sozializatu, lehen inpresioak mahai gainean jarri eta diagnostiko komun bat osatzeko asmoz. Gaiaren inguruko kexak, hausnarketak eta kezkak jaso eta diagnostikoak osatu ondoren, talde guztiak batu ziren urriaren 24an, zenbait puntu zehazteko helburuarekin. 37 herritar bildu ziren bilera horretan, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Ibon Gereka zinegotzia eta Marivi Aranguren turismo teknikariarekin batera. Emun aholkularitzako Ihabar Arriaranek eta Mikeldi Zeberiok bideratu zituzten dinamikak.
Aurreko bileretan landutakoa gogorarazi eta identifikatutako adostasunetan jarri zuten fokoa. Era horretan, ordenantza osatuko duten kapituluak jasoko dituzten puntuak izan zituzten hizpide, eta puntu horiek edukiz bete zituzten dinamika ezberdinen bitartez. Saioaren inguruko iritziak elkarbanatu zituzten amaitzeko; metodologia, lortutako emaitza eta giroa baloratuz.
Getariako Udalak prozesua "oso emankorra" izan dela uste du: "Ekarpen asko egin dira, eta prozesua guztiz amaitzen denean, hain gai korapilatsua den horri buruzko ordenantza bat izango du Getariak, herritarren hitza kontuan hartuz egindakoa gainera".
Parte hartze prozesuekin Getariaren kudeaketan herritarrek "izan behar duten protagonismoa" berretsi du udalak: "Sinesten dugulako egiten dugu".
Ordenantzaren zirriborroa
Azaroaren 21ean dute parte hartze prozesuaren hirugarren bilera, 18:00etan. Bertan, jasotako ekarpenak aztertu eta udalak osatu duen lehen zirriborroa aurkeztea da asmoa. Gero, bileran jasotzen dituzten ekarpenekin osatu nahi dute behin betiko ordenantza.
Orain arte egindako ekarpenak publikoak direla gogorarazi nahi izan du udalak, eta edonork kontsulta ditzakeela udalaren webgunean, getaria.eus-en.