Duela bi urte azaldu zuen Getariako Udalak herrian beilatokia egiteko asmoa. Eskualtxeta eraikin publikoko lokal batean jartzeko asmoa azaldu zuten orduan. Baina kokapen horren aurka hainbat herritar azaldu zen eta mobilizazioak ere izan ziren. Ondorioz, azken hilabeteetan beilatokiarentzako toki aproposa bilatzen eta proiektua lantzen aritu da udala.
Erabakia hartu dute: hilerriaren kanpoan eraikiko dute beilatokia, eskuinaldean. Aurrean plazatxo bat izango du, eta itsaso aldera emango du atzeko aldetik.
Erosotegi enpresari esleitu diote proiektua, eta datorren otsailerako amaituta egotea espero dute. Agustin Mitxelena da proiektuaren arkitektoa, eta hiru beilatoki eraiki ditu aurretik; azkenekoa, Ordizian.
Euskaltxetako lokalerako landu zuten proiektua kokapen berrirako berriro egokitu dute. Beilatokia hilerrian eraikitzeak bere eragina izan du aurrekontuan, baina askoz ere espazio zabalagoak izango ditu, jendearentzat erosoagoa izango da eta gela gehiago izango ditu, Getariako Udalak adierazi duenez. «Getariarrei herrian bertan zerbitzu hori eskaintzea da udalaren helburua», azaldu dute.
Beilatokia nork eta nola kudeatuko duen oraindik erabaki gabe dute, baina bi aukera aurreikusten dituzte: udalak berak kudeatzea da bata, eta, bestea, kontzesio bidez kudeatzea.
Hileta zibilak
Beilatokiak hileta zibilak egitea ahalbidetuko duela azaldu du udalak. Getariak ez du hileta zibilak arautzen dituen udal ordenantzarik. Horregatik, beilatokiaren proiektuarekin batera, hileta zibilen ordenantza landuko dute herritarrekin.