Miren Fuldain: "Errespetu kontua da, jende euskaldunari euskara eman behar zaio"

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 8a

2017ko Bai Euskarari Sariak banatu zituzten pasa den urrian Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian. Getariako Fuldain farmazia saritu zuten, euskararen alde egindako lanagatik.

Miren Fuldain eta Amaia Ubigain, sariarekin. (Argazkia: Maria Maya Manterola) Nola sentitzen zara Bai Euskarari saria jaso ondoren? Sorpresaz. Ni oporretan nengoen, eta posta elektronikoz mezu bat bidali zidaten sariaren berri emanez. Pozik hartu nuen, baina batez ere harrituta. Ez dut uste ezer berezia egiten dugunik. Egunerokotasunean nola jartzen duzue praktikan euskararekiko apustua? Ezinbestekoa da langile guztiak euskaldunak izatea, esaterako. Ez zaigu burutik pasatu ere egiten euskara lehenengo hizkuntza ez duen edo euskaraz ongi moldatzen ez den langilerik hartzea. Gure artean euskaraz egiten dugu, eta Getariako bezero gehienak ere euskaldunak dira. Zerbait idatzi behar dugunean, esaterako, beti euskaraz egiten dugu. Beti pentsatzen dugu: laborategiak hau horrela bidali digu, baina euskaraz jarri behar dugu. Horrek lana ematen al dizue? Noski. Askoz errazagoa da zuzenean kopia bat egin eta jendeari zabaltzea, farmazian gaudenon artean itzulpenak egiten ibiltzea baino. Denbora ematen digu. Hala ere, ez dut beste era batera imajinatzen. Errespetu kontua iruditzen zait, jende euskaldunari euskara eman egin behar zaio. Farmaburua saria ere eman zizueten. 2003an izan zen. Garai hartan farmazietan formula asko egiten ziren laborategietan. Guk beste bost farmazientzako formulatzen genuen, egunero bi edo hiru formula, batez beste. Horrelako formula pertsonalizatua egiten denean, prospektua guk idatzi behar izaten dugu. Garai haietan ehun formula inguru genituen prestatuta eta prospektuak idatzita. Euskal Herriko farmazialari guztiei eskaini genizkien. Horregatik eman ziguten sari hori. Baduzue beste erronkarik aurrera begira?
2017-2018 ikasturterako lan hitzarmena euskaraz egiteko helburua jarri dugu. Bankuarekin ere borrokan nabil, nik agiriak euskaraz nahi ditudala esanez. Momentuz ulertzen dutela diote, baina pertsona bakar batek eskatuta ez dago zereginik. Bestelakoa litzateke egoera denok eskatuko bagenu. Zein gomendio emango zenioke euskara bere negozioan txertatu nahi duen bati? Txertatu nahi badu, eta horren sentsibilitatea edo beharra sentitzen badu, Bai Euskarari ziurtagirikoekin kontaktuan jartzeko esango nioke. Lehenengo egoeraren azterketa bat egiten dute, ea euskaraz eta erdaraz zein dokumentu dituzun jakin dezazun. Bien artean urteko erronkak erabakitzen dira ondoren, eta asko laguntzen dute erronka horiek lortzera bidean. Adibidez, nominak nola euskaratzen diren esaten dizute, edo agiriak euskaraz eskatzeko bankura gutun bat bidali nahi baduzu, idazteko laguntza ematen dizute... Ez da gainean duzun ikuskaritza bat, alderantziz. Bideko lagunak dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide