EH Bilduk parte hartzea sustatzeko "era traketsa" izan duela salatu du Getariako EAJk

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 6a

Espazio publikoaren erabilera pribatuko elementuak arautzeko udal ordenantza lantzen ari da EH Bildu azken asteetan, herritarrekin batera. Herritarrek dituzten arazoei erantzuteko EH Bilduren "gaitasun falta" salatu du Getariako EAJren udal taldeak. Aitor Urresti bozeramailearen hitzetan, ordenantzaren lanketa herritarren esku utzi dute: "Beraien lana herritarrei pasa diete. Ezer landu gabe bilerak deitu dituzte; merkatari, ostalari eta herritarrak ordenantzaren inguruko lanketa egin zezaten". Parte-hartze prozesua martxan jarri aurretik EH Bilduk oinarrizko lanik ez egitea salatu dute. EAJren iritziz, gai teknikoez jakitun ez diren herritarrei oinarri hori lantzeko eskatu die EH Bilduk. Eragile zein herritar ugari EAJrengana gerturatu direla azaldu du Urrestik, gaiaren inguruan galdetzera. Udalean bertan gaia lantzen hasi aurretik kalera atera dutela uste dute, "ezertarako": "Ezer lantzen ez baduzu, zeren gainean egingo dute lan herritarrek? Nola, gaiaren inguruko azalpenak mugatuak badira? Nola, gaiaren inguruko ezagutza teknikoa behar bada? Nola jakin dezake herritar batek ordenantza bat garatzen?" Eztabaida lehenik udalean eman behar dela irizten du Urrestik. "Herritarrak ordezkatzen dituzten alderdiek" proiektuaren inguruko xehetasunak eskaini eta ondoren prozedura egokia lantzea da EAJren ustez ordenantza lantzeko modu egokia. Beharrezkotzat jo du Urrestik herritarren ekarpenak jaso eta proiektuak elkarlanean garatzea, baina "egun egin ez den eran". "Herritarrek beraien denbora eskaintzen diete honelako lanketei eta berau aprobetxatu beharrean, programaziorik gabe eta bote prontoan herritarren ahotsa entzutea otu zaie. Horrek, herritarrak honelako prozesuetan parte ez hartzera bultzatzen ditu", argitu du. Getariar guztientzat prozesuak kostu bat izan duela azaldu du Urrestik. Enpresa bat kontratatu dute prozesu parte-hartzailea aurrera eramateko, baina bozeramailearen hitzetan, proiektu hau trakets hasi du enpresak. EAJren udal taldeko kideek lan egiteko eskua luzatu eta oposizioko kideekin hitz egitera gonbidatu du EH Bildu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide