Getariako alkate Nika Lertxundi. (Aritz Mutiozabal)
Getariako alkate Nikanor Lertxundi (EH Bildu) eta alkate ohi Andoni Aristi (EAJ) epaituko dituzte datozen asteetan, prebarikazioa egotzita. Bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta bederatzi urteko inhabilitazioa eskatzen du fiskaltzak akusatuentzat, taberna bateko zarataren harira, izandako kexei konponbiderik ez ematea leporatuta.
EFE agentziak zabaldu du Ministerio Publikoaren akusazio oharra, eta bertan jasotakoaren arabera, zortzi urteko zigorra eskatu du tabernako azken hiru jabeentzat; hauek 2007ko ekainetik 2014ko abendura bitartean arduratu ziren establezimenduaz.
2007ko abenduaren 28a bitarteko gertakariak jasotzen ditu Ministerio Publikoaren oharrak. Getariako 11 bizilagunen kexak ere ageri dira dokumentuan, eta EFE agentziaren arabera, Arartekora eraman zuten kasua horietako batek.
Aipatutako kartzela zigorrez gain, azken hiru jabeei kalte-ordain ezberdinak eskatu dizkie Ministerio Publikoak bizilagun kaltetuentzat.
Urola Kostako Hitza harremanetan jarri da Getariako Udal Gobernuarekin, baina adierazpenik ez egitea erabaki dute. Harriduraz jaso dute albistea, eta kasua abokatuen eskuetan dagoela esan dute.