Getaitri Triatloi Klubeko kide Pedro Ayestaran, iazko Mendi Duatloiko Zirkuituko proba batean. (Getaitri)
I. Getariako Mendi Duatloia jokatuko da azaroaren 18an, Askizu auzoan, Getaitri Triatloi Klubak antolatuta. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruan dago Getarian jokatuko den proba. Irailean ekin zion zirkuituak, eta Zegamako probaren ondorengoa izango da Askizukoa. Getaitriko kide Iñaki Uzin antolatzailearen hitzetan, Askizuko San Martin jaietan sortzen den giroa baliatu dute proba bertan egiteko. Gainera, lasterketarako leku egokia dela uste dute: "Orain arte inguruan egin ez den zerbait antolatzea da ideia, natura nahiz kirola uztartuz eta triatloi taldearen jarduna osagarribihurtuz".
Uzinek Amasan jokatzen den probako antolatzaile batekin harreman pertsonala du unibertsitate ikasketak egin zituenetik. Afari baten bueltan proba horren berri eman zion lagunak, eta orduan sartu zitzaion Uzini Getarian ere antzeko proba bat antolatzeko gogoa. Euskal Herriko Zirkuituko antolatzaileekin jarri zen harremanetan, eta proben nondik norakoen berri eman zion Ibarrako Lokatzetan kirol taldeak. Ordutik ibili dira proba antolatzen, Getariako Udalaren laguntzarekin.
150 pertsonek eman ahalko dute izena. Bakarka edo bikoteka egin daiteke proba, eta ez da beharrezkoa izango federatua egotea. Izen-ematea zabalik dago jada, eta
kirolprobak.com webgunean eman daiteke; probaren aurreko egunean itxiko badute ere, egunean bertan izena emateko aukera izango da parte hartze muga gainditu ezean. Bakarka lehiatuko direnek 20 euroren truke eman ahalko dute izena, eta erreleboka parte hartzen dutenek, aldiz, 30 euro ordaindu beharko dituzte.
Mendi duatloiak parte hartze handia izango duela uste du Uzinek, eta adierazi du ez dela kirola egitea izango proban parte hartzeko modu bakarra: "Mendi duatloira animatzen ez den jendea boluntario lanetan aritzera gonbidatu nahi dugu. Asko eskertuko genuke".
Probari 15:30ean emango diote hasiera, antolatzaileek eguraldiaren eraginez ordua alda dezaketela aurreikusi badute ere. Probaren lehenengo zatian 6 kilometro eta erdiko korrikaldia egingo dute, eta mendi bizikleta hartuko dute ondoren, 16 kilometroko mendi ibilbidea egiteko. Amaitzeko, 3 kilometro lasterka egingo dituzte berriz ere. Hiru sektoreetako ibilbide zehatzak mendiduatloiak.eus webgunean daude ikusgai. Getariako Arraun Klubeko dutxak irekiko dituzte probaren ondoren, parte hartzaileentzat.
Zirkuituko azkena
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren azkeneko proba izango da Askizukoa. Amasan jokatu zen pasa den asteburuan, eta Zegamako II. Mendi Duatloia jokatuko da datorren asteburuan. Proba horren ondorengoa izango da Askizu auzoan jokatuko dena. Mendi duatloia amaitu ondoren, parte hartzaile guztiekin afaria egingo dute Getarian bertan.
Proba antolatzeak Getarian "mugimendua" sortu duela uste du Getaitriko kideak: "Saltsa sortu du herrian, eta ez bakarrik kirolzaleen artean".