Urriaren 17an herritarrekin egindako bilera. (Getariako Udala)
Espazio publikoan erabilera pribatuko elementu higikorrak arautzeko udal ordenantzaren lanketa martxan jarri du Getariako Udalak. Tabernetako zaraten inguruko neurriak hartzea, terrazen eremuak definitzea, udalari eskaerak egiteko prozedurak finkatzea eta arauak betearazteko baliabideak zehaztea izango dira ordenantzak jasoko dituen gaietako batzuk, beste zenbaiten artean.
Herritarren parte hartzearekin osatzen ari dira, eta gaur izango dute ordenantzaren lehen zirriborroa lantzeko saioa. Herritarrei, tabernariei, bizilagunei eta interesa duen edonori zabaldu diete deialdia.
Duela bi aste abiatu zuten parte hartze prozesuaren lehenengo fasea. Herritarrekin, ostalariekin eta dendariekin bilera bana egin zuten, eta gaia lantzen hasi ziren; gaia sozializatzeko, lehen inpresioak mahai gainean jartzeko eta diagnostiko komun bat osatzeko asmoz. Nika Lertxundi Getariako alkatea, Ibon Gereka zinegotzia eta Marivi Aranguren turismo teknikaria izan dira bilkuretan, eta Emun ahokularitzako Ihabar Arriaranek eta Mikeldi Zeberiok bideratu dituzte dinamikak.
Udalak ordenantza berritzeko beharra adierazi zuen lehen bileretan, eta parte hartze prozesua nola garatuko den argitu zuen. Udal ordenantzaren zirriborroa osatzen hasteko lehenengo pausoa talde bakoitzak bere diagnostikoa osatzea izan zen, gaiaren inguruko hausnarketak, kexak eta kezkak jasoz. Besteak beste, alderdi teknikoak, elkarbizitzako gaiak, eskaerak egiteko prozedura eta adostutakoak betearazteaz aritu ziren. Taldeetan landutakoa partekatu ondoren, diagnostiko komun bat osatu zuten saio bakoitzean, adostasunak eta desadostasunak identifikatuz.
Nolanahi ere, talde guztiak batzea aberasgarria izan daitekeela uste dute. Ordenantzaren lehendabiziko zirriborroa partekatu, gai zehatzak landu eta zenbait puntu definitzen hastea izango da gaurko saioaren helburua. Berdura plazan elkartuko dira, 18:00etan.