Azken puntada epaiketarako bidean

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 20a

Azken pausoa baino ez da geratzen 'Balentziaga auziaren' epaiketaren data jartzeko. Hiru akusatuetako bat –Julian Argilaos– auzi-ihesean deklaratu ostean, litekeena da epaiketa hura gabe egitea. Mariano Kamio Balentziaga Fundazioko buru ohiarentzat zortzi urteko kartzela eskatu dute akusazioek

Azaroan bederatzi urte beteko dira Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak Balentziaga museoa eraikitzeko obren inguruko ustezko irregulartasunen auziarekin aurrera egitea erabaki zuenetik. Hiru auzipeturekin iritsi da Balentziaga auzia epaiketa bezperara, eta litekeena da epaiketa soilik horietako biren kontra egitea, udan Julian Argilagos arkitekto eta proiektuaren egilea auzi-ihesean deklaratu baitzuen epaitegiak. Mariano Kamio Getariako alkate ohia (EAJ) eta Balentziaga Fundazioko zein Berroeta Aldamar elkarte mugatuko arduradun nagusi izandakoa, eta Argilagosen Hemen Art enpresako Rolando Paciel arkitektoa dira beste bi akusatuak. Martxoan egin zuten ahozko epaiketaren aurretiazko auzi saioa, Donostiako Zigor Arloko 2. Epaitegian. Parteen artean akordioa lortzeko azken aukera zen, baina ez zuten lortu, eta epaiketara bidean jarri zuten auzia. Auzi saiora, ordea, ez zen agertu Argilagos. 2005. urtean Miamira (AEBak) joan zen bizitzera, eta duela pare bat urte arte Sitgesen (Herrialde Katalanak) zuen bizilekuan jasotzen zituen zitazioak, baina, Argilagosen abokatu Mikel Elorzak dioenez, epaitegiak orain ez du modurik hari zitazioak bidaltzeko. Hori horrela, eta auzi saiora agertu ez zela ikusita, epaitegiak hura bilatu eta atxilotzeko agindu zuen martxoan bertan, eta auzi-ihesean deklaratu zuen udan. Haren kontra bi urtetik gorako espetxe eskaera dagoenez, Argilagos ezin dute auzi-ihesean epaitu, ezinbestean egon behar du presente, eta epaiketak, aurrera egitekotan, hura gabe egingo du. Pentsatzekoa da epaitegiak Argilagos nazioartean atxilotu eta ekartzeko agindua emango duela; inoiz ekarriko balute, epaiketari egin beharko lioke aurre. Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide