Uxue Alberdi. (Jonathan McCallun)
Nolakoa izan da Jenisjoplin liburuaren idazketa prozesua?
Guztira, bi urte eta erdiko prozesua izan da. Lehenengo urte eta erdia dokumentatzen, pertsonaiak sortzen, idazten, gaiak zerrendatzen eta abar egiten pasatu nuen. Istorioa buruan nuenean, potentea zela ohartu nintzen. Egituratzen hasten nintzenean, ordea, ez nuen asmatzen.
Gorka Arrese Susako argitaratzailearekin jarri nintzen harremanetan orduan. Lehendik ere ezagutzen nuen, Euli giro eleberria ere berarekin landu bainuen. Laguntza eskatu nion istorioa egituratzeko. Neukan materiala erakutsi nion, eta asko gustatu zitzaion istorioa. Askotan egon gara ordutik, eta Gorkaren inplikazioa izugarria izan da. Nobelaren inguruan hitz egitea izan da gehien bat edizio lana. Zure nobela ezagutzen laguntzen dizu horrek: kontatu nahi duzunaren arabera, erabaki batzuk hartu behar dituzu eta beste batzuk albora utzi. Azken urtea oso intentsua izan da nobelaren idazketan, eta azken sei hilabeteetan zazpi ordu inguru eskaini dizkiot egunean.
Nor da Nagore Vargas?
Euskal Herriko industrialdeko herri bateko langile auzo batean jaio den neska bat da, Andaluziako etorkin baten eta baserri pobre batean jaio den emakumearen alaba. Hasieratik Nagoreren identitateak ertz asko dauzka. Bizirauteko nortasun gogor eta irmoa eraiki behar izan duen neska errebelde bat da. 90eko hamarkadako garaiak intentsitate handiz bizi ditu, iragazkirik gabe, kalean eta, batez ere, gurasoen tabernan. Bertan hezten dute Nagore.
Alde batetik, borroka armatua puntu gorenean dago garai horretan, Hiesa herria astintzen ari da, Espainiako immigranteen artean langabezia dago, eta beste problematika batzuk ere agertzen dira... Bestalde, bere heziketan izugarrizko eragina du Rafa Vargasek, bere aitak. Ausardiaren apologia egiten du, eta beldurraren kontra hezten du aitak. Beldurraren mekanismo hori desaktibatzeraino iristen da Nagore: beti aurrera eginez, beldurren kontra, bertigoaren kontra. Gorputzarekin egiten dio aurre bizitzari beti, momentu batean zerbait gertatu eta eraiki duen irudi eta identitate oso gogor hori apurtu eta berriz eraikitzen hasi beharko duen arte.
Nagoreren bizipenak belaunaldi oso batenak ere badirela esan daiteke?
Esan daiteke baietz, oihartzun edo metafora moduan hartzen baditugu. Nagorek arazo oso partikular bati egin beharko dio aurre, baina, era berean, arazo horrek sortzen dituen gogoetak belaunaldi oso bati dagozkio.
Erruduntasunaz pentsatu beharko du, bortizkeriaz, baketzeaz, plazerraz... Pentsatu, bizi eta eraiki. Hor dabil, bere kontraesan guztiekin. Bere burua zaindu eta, aldi berean, borrokan jarraitu beharko du, eta kinka horietan dago. Momentu hauetan, herri hau ere horrela dagoela uste dut. Ispilu joko bat dago, Nagoreren identitatearen nahiz eraldaketa pertsonal horren eta Euskal Herriaren egoera nahiz eraldaketa identitarioaren artean. Pixka bat batera doaz: garai gogorretan Nagore oso gogorra da, eta garai likidoagoetan berak ere ezinbestean likidoagoa izan behar du. Elkar elikatzen doaz bi alderdiak.
Gai eziberdinak jorratzen dituzu nobelan.
Gai nagusietako bat identitatearen berrasmatzea da. Identitate guztiek ertz asko dituzte, eta gainera malguak dira. Nobelaren pasarte batean, hauxe esaten dio Irantzuk Nagoreri: "Jarrera bati luzaroegi eusteak ahul bilakatzen gaitin". Momentu batean babesten zaituen identitate gogor bat hurrengoan zure kontra etor daiteke. Bizirauteko estrategia batzuk antolatzen ditugu, baina luzeegi eusten badiegu, gure kontra etor daitezke.
Sexuak eta erotikak ere badute bere lekua: nola bizi dugun plazerra, nola harremantzen garen… Bortizkeriak eta oinazeak ere bai. Nola antzematen ditugun eta zertarako erabiltzen ditugun hausnartu dut. Nagore oso erakarrita sentitzen da bortizkeriarekiko, aurrez aurreko konfrontazio horrekiko. Borrokan bizirik sentitzen da, eta bakean hilda. Gorrotoaren eta amorruaren bidez baldin bada ere, bizirik sentitzen da. Isiltasunean eta bakean, berriz, tristura bakarrik agertzen zaio, eta ez daki hori jasaten.
Garai ezberdinak ere ageri dira.
Garaien ibilbide bat jasotzen du nobelak. 80ko hamarkadatik 2014rainoko tartea hartzen du, eta klasea, aberria, sexua eta abar identitateetan nola nahasten diren ikus daiteke. Euskaldun puruak eta Espainiako immigrante ezkertiarrak agertuko dira, eta baita zapalduen arteko gorabeherak ere. Espainiako ezkertiar horiek, adibidez, ez dute ikusi euskaldunek jasotako zapalkuntza hizkuntzari dagokionez, eta euskaldun horiek ere ez dira ohartu zapaltzaileak izan daitezkeela klasearen ikuspegitik. Gaixotasuna, errebeldia, autoritatearekiko talka, zaintza, adiskidetasuna... Gai mordoa nahasten dira.
Zergatik Jenisjoplin?
Asko gustatzen zait bere ahots apurtu hori eta daukan ume aurpegi borobil horrekin duen kontrastea. Bi alderdi ikusten dizkiot, errebelde bat eta ume goxo bat. Nagoreri ere bai.
Rafa Vargas aitaren garaiko erreferente nagusi bat ere bazen, musikaren, eta batez ere, rockaren aldetik. Aitak alabari jartzen dion goitizena da. Proiekzio bat da, alabarengan ikusi nahi duena. Alaba gitarra-jotzailea izatea nahiko du, gaueko mundua gustuko du… Mundu horretan sartzen du alaba bete-betean.
Nolako harrera izan du liburuak?
Irakurri duen jendeak gauza on asko esan dizkit, eta ni oso pozik nago. Lasai gelditu nintzen liburua idatzi ostean, lan handia egin dut. Ahalik eta gehien landu dut eta sentipena daukat gauzak esan ditudala. Luzaroan hausnartutako gauzak dira, lehenbiziko aldiz nire haurtzaroko kontuak ekarri ahal izan baititut, Elgoibarko giro hori, alegia.
Nire belaunaldi inguruko jendeak esan dit eskertu duela borroka armatuarekiko irakurketa bat gure belaunalditik. Borroka armatuaren garai gogorrenak oso ume ginela bizi izan genituen, eta gure kabuz pentsatzen hasi garenean, jada beste garai batera pasatuta gaude politikoki. Ez ditugu hainbeste partekatu gai horiek.
Iritziak entzuteko gogo handia daukat. Gai sakonak landu arren, erritmo bizia duen nobela bat da eta istorioak berehala harrapatzen zaitu.
Bihar aurkeztuko du Getariako Alondegian
Urriaren 6an aurkeztu zuen Getarian bizi den elgoibartarrak Jenisjoplin seigarren liburua, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Susa argitaletxearekin batera.
Getariako Alondegian aurkeztuko du bihar, 19:00etatik aurrera. Elgoibarren, aldiz, etzi aurkeztuko du Unai Villena idazle elgoibartarrarekin batera. Amorante musikaria ere bertan izango da, aurkezpena girotzen.
Dagoeneko salgai dago liburua, paperean eta euskarri elektronikoan.