Donostiako Untzi Museoan Elkanori buruz jarri duten erakusketan artelan bat zaharberrituko dute jendearen aurrean. (GFA)
Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatua, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Raul Perez Iratxeta Untzi Museoko zuzendari nagusia eta Xabier Alberdi Lonbide Untzi Museoko zuzendari zientifikoa izan ziren
Elkano, bere oroimena berreskuratuz. 1921eko monumentuaren proiektua erakusketa aurkezten herenegun, Donostiako Untzi Museoan. 2018ko otsailaren 18ra arte egongo da zabalik.
Lehen Mundu Biraren IV. Mendeurrenaren Batzordeak Elkanoren irudiari balioa emateko 1921ean egindako proiektua du oinarri erakusketak. Lehiaketa bat antolatu zuten San Anton mendiaren tontorrean monumentu bat eraikitzeko, marinelaren irudia nazioartean zabaltzeko asmoz. Las Palmaseko (Espainia) Miguel Martin eta Nestor Fernandez de la Torre anaiek egin zuten proiektu irabazlea, baina ez zen sekula gauzatu.
Proiektu horren hamahiru plano eta figurazioen bildumak osatzen dute erakusketa, eta erregionalista estiloko modelo arkitektonikoak agertzen dira bertan. Erakusteran barruan, serie horretako margolan bat zuzenean zaharberrituko dute, bisitarien aurrean. Zaharberritzea finantzatzeko ekarpen ekonomikoa egiteko deia luzatu egin diete erakusketaren antolatzaileek herritarrei, museoan bertan edo martxan jarri duten finantzaketa kolektiboaren bidez.
Untzi Museoko erakusketa Elkano Fundazioa osatzen duten erakundeen arteko kultur programaren "lehen urratsa" dela esan du Kultura diputatuak, datozen urteetan gertatuko denaren aurrerapen bat. Raul Perezek garrantzizkotzat jo du, eta lurraldeko kultur proiektuak "aktibatu, lagundu eta bultzatu" nahi dituztela. Xabier Alberdik, berriz, laugarren mendeurreneko kultur jarduerak nola sortu ziren azaldu du, orduko testuinguru historikoan kokatuz.
Erakusketari lotuta, dinamizazio egitarau zabala antolatu dute. Astelehenetik ostiralera bisita gidatuak eskainiko dituzte Donostiako Untzi Museoan, erakusketaren inguruko informazio lagungarria emateko. Zaharberritze tailerra, berriz, bi saiotan eskainiko dute: 6 urtetik gorako haurrak dituzten familientzat batetik, eta helduentzat, bestetik. Azaroaren amaieran eta abenduaren hasieran, aldiz, familientzat zuzendutako ilustrazio eta kaligrafia tailerrak emango dituzte. Bertan parte hartzeko, aurrez erreserba egin behar da.