Mahats bilketa Zarauzko Santarba txakolindegian. (Lorentxo Portularrume)
Pasa den astean hasi zuten mahats biltzea Getariako Txakolina jatorri izenpean ekoizten duten upategiek. Iaz baino mahats gutxiago bilduko dutela uste du Emilio Ostolaza Getariako Txakolina jatorri izeneko idazkariak: "Hiru milioi eta zortzirehun mila kilo inguru jasoko ditugu, eremu batzuetan gaitzek eragina izan dute eta". Hala ere, 2017ko uztako txakolina "gorputz handikoa" eta aromatikoa izango dela nabarmendu du Ostolazak. Datorren astean amaituko dute mahats biltzea, eguraldia lagun badute.
Mahatsa biltzeko lanak aste honen bukaeran amaitzea espero du Bixente Eizagirrek Zarauzko Talai-Berri txakolindegian. Upategiko ugazaba da egun Eizagirre, mahasti zale familia batetik datorren laugarren belaunaldikoa. Talai-Berriren sortzailea izateaz gain, Getariako Txakolina jatorri izenaren sustatzaileetako bat ere izan zen. Eguraldiaren ondorioz, aurten astebete lehenago hasi ziren mahatsa jasotzen. Landareek izan duten Botrytis gaitza dela eta, uztaren %10a galduko dutela uste du. Hala ere, urte ona izan da Eizagirreren iritziz: "Lehengaia ona da, eta kalitatezko txakolina izango da aurtengo uztakoa".
Hiru belaunaldi daramatzate txakolingintzan Getariako Akarregi Txiki upategian. Neurri ertaineko txakolindegia da: batez beste, 150.000 litro ekoizten dituzte urtero. Lasalde eta Akarregi Txiki markak produzitzen dituzte, biak Getariako Txakolina jatorri izenaren baitan. 40 laguneko lan taldea ari da uzta biltzen, eta datorren astearen erdialdean amaitzea espero du Lurdes Zubizarreta upategiko kideak.
Mahatsa tolarean jo eta muztioa irakitea izango da prozesuaren hurrengo fasea. Hiru hilabetez biltegian itxaron beharko du txakolinak. merkaturatzeko puntu egokia lortzen duen arte.