Getariako I. Biatloi Txikia jokatuko dute larunbatean 9-15 urte artekoentzat

Getariako Hitza 2017ko irailaren 14a

Getariako Biatloia. Larunbatean Getariako XVI. Biatloia jokatuko da eguerdi partean, eta aurten berrikuntza bezala Getariako I. Biatloi Txikia egingo dute, 9 eta 15 urte bitarteko gaztetxoentzat, Getaitri Triatloi Klubak antolatuta. Malkorbe hondartzan izango da proba, 11:00etan hasita. Parte hartzaileek bi mailatan banatuta jokatuko dute biatloia, eta adin tarte bakoitzera egokitutako ibilbidea osatu beharko dute. Alde batetik, 9 eta 11 urte bitartekoek 75 metro igerian eta 250 metro korrika egin beharko dituzte. Bestetik, 12 eta 15 urte bitartekoek 150 metro egingo dituzte igerian eta 500 metro korrika. Getariako I. Biatloi Txikian parte hartu nahi dutenek Turismo Bulegoan izena eman dezakete aldez aurretik, eta egunean bertan ere emateko aukera izango dute hondartzan. 16. biatloia Orain arte uztaila bukaeran egin izan da igeriketa eta korrikako probak uztartzen dituen txapelketa, baina aurten irailera atzeratzea erabaki du Getariako Udalak. Jakinarazi zutenez, erabakia segurtasun arrazoiak direla eta hartu zen uda sasoian. Izan ere, azken urteetako bisitari eta ibilgailu kopurua handia dela kontuan izanda, udaleko arduradunek beharrezkoa ikusi zuten parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea. Larunbatean jokatu dute Getariako XVI. Biatloia; 12:00etan abiatuko dira Malkorbe hondartzatik. Parte hartzaileek 550 metro igerian eta 3.500 metro korrika osatu beharko dituzte. Antolatzaileek zehaztu dute parte hartzeko gutxieneko adina 16 urte izango dela. Getariako Biatloian parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete www.herrikrosa.eus webgunean, 10 euro ordainduta. Egunean bertan ere izena eman ahal izango da, 11:00etatik 11:30era, baina 15 euro balioko du. INFORMAZIO PRAKTIKOA I. Biatloi Txikia Irteera: 11:00etan, Malkorben. Ibilbidea: 9-11 urte bitartekoek, 75 metro igerian eta 250 metro korrika. 12-15 urte artekoek, 150 metro igerian eta 500 metro korrika. Izena ematea: Turismo Bulegoan, eta egunean bertan hondartzan. Getariako XVI. Biatloia Irteera: 12:00etan, Malkorben. Ibilbidea: Igerian 550 metro eta 3.500 metro korrika. Izena ematea: www.herrikrosa.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide