Kataluniako prozesu subiranistaren alde kalejira egingo dute, Getarian

Getariako Hitza 2017ko irailaren 8a

Kataluniako prozesu subiranistaren alde kalejira deialdia. (Getariako herritar talde bat) 2016-2017 ikasturtean zehar, euskal estatu burujabe baten aldeko hainbat ekimen antolatu zituzten Getariako Gaztetxeak eta Getariako Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Estatua edukiz jantziz izenburupean; tartean, Kataluniako prozesu subiranistari buruzko hitzaldia eskaini zuten Marc San Jaumak eta Jauma Lopezek Getarian. Ekimenak herritarren artean izan zuen harrera ona ikusita, egindako bide horren lekukoa hartu du hainbat getariarrek, eta Kataluniako prozesu subiranista babesteko jarduerak antolatzea erabaki dute. Horretarako, astelehenean, Diada Egunean, 19:00etan plazatik abiatuta kalejira egingo dute, eta bukaeran Diadako manifestua katalanez eta euskaraz irakurriko dute. Horrez gain, astelehenean 18:00etatik 20:00etara esteladak salgai jarriko dituzte plazan; gero, herritarrek erreferendumaren eguna pasatu arte balkoietan jarri ditzaten. Helburu bera duten bi herri Ekimen horiekin kataluniar herriarekiko elkartasuna adierazi nahi dute getariarrek, "herritarrok erabakitzeko dugun eskubidea babestu, demokrazia aldarrikatu eta kataluniarrek Kataluniako Errepublika sortzeko egin duten hautuari gure babesa agertu nahi diogu". Antolatzaileek ulertzen dute helburu berdina duten bi herri direla Euskal Herria eta Katalunia, "errepublika independientea sortzea», alegia. «Historikoki egin izan dugun bezala, elkar lagundu, goxatu eta babestu behar garela uste dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide