Elkarretaratze jendetsua egin dute Getarian, eraso sexistak arbuiatzeko

Urola Kostako Hitza 2017ko abuztuaren 9a

Sexu erasoen aurrean, prebentzio mailan lan egitea zein "erantzun zuzena" ematea "ezinbestekoa" dela adierazi zuten Getariako Txosna Batzordeko kideek.

Atzo iluntzean jende ugari bildu zen txosnagunean, eraso sexistak gaitzetsi eta biktimei babesa eskaintzeko. Herenegun gauen, Getariako txosnagunean gertatutako eraso sexistak salatzeko eta biktimei babesa eskaintzeko elkarretaratzea egin zuten herritarrek atzo gauean, Getariako Txosna Batzordeak deituta. "Getaria eraso sexistarik gabeko herria" izatea nahi dutela adierazi zuten batzordeko kideek. "Zoritxarrez, askotan errepikatu behar izaten dugu kontu bera, baina ez gara errepikatzeaz nazkatuko: Ez dugu eraso sexistarik onartuko, ez Getarian, ez beste inon", nabarmendu zuten. Horretarako, prebentzio mailan lan egitea "ezinbestekoa" dela adierazi zuten: "Errespetuan eta askatasunean oinarrituko den jendarten baten baloreak lantzen hastea, gure gorputza gurea dela eta inork, inoiz, ezin duela gugatik erabaki irmoki aldarrikatzea, eta ez kartzelara joango zarelako, denok eskubide eta askatasun berberak ditugulako baizik". Hain zuzen ere, "horretan oinarritutako herria aldarri" dutela azpimarratu zuten, eta "guztiona den jendartea" sortu behar dela, "eta ez emakumeak menpeko izango dituena": "Emakumeek ere askatasunez bizitzeko eskubidea dutelako, ez dutelako beldurrez bizi nahi". Horretarako, eraso sexisten prebentzioa eta emakumeen ahalduntzerako bitartekoak lantzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu zuten, autodefentsa feminista, esaterako. Hala ere, prenbentzioa landuta ere, halako erasoak "asko" izaten direla gogoratu zuten, eta "zer esanik ez uda garaian". Zentzu horretan, prebentzioaz gain, erasoren bat gertatzen ari dela ikustean, "erantzun zuzena ematea urgentziazkoa" dela ohartarazi zuten: "Erasorik ez erantzunik gabe".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide