Getariarrei zuzendutako aurkezpena. (Getariako Udala)
Getariako Udalbatza osatzen duten EH Bildu eta EAJ udal taldeetako bozeramaileek Mundubira 500 Elkano Fundazioa aurkeztu zieten getariarrei uztailaren 21ean. Getariako Udalak, Urola Kostako Udal Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eratu dute fundazioa, 500. urteurrenerako: «Elkanok egindako balentria aitortzeko eta nazioarte mailan merezi duen tokia emateko».
Herritarrei egindako aurkezpenean, erakunde eta alderdi politikoen aldetik elkarlanerako erraztasuna izan dutela nabarmendu zuten udal ordezkariek, eta adostasun hori goraipatu zuten.
Herritarren parte hartzea
Erakundeez gain, herritarren parte hartzea ere ezinbestekoa dela uste dute Getariako udal ordezkariek, eta getariarrak, herriko eragileak eta elkarte ekonomikoak proiektuaren diseinuan eta exekuzioan parte hartzera animatu zituzten.
Hurrengo hilabeteetan Elkanok munduari bira eman zion 500. urteurrenaren plan estrategikoa diseinatuko dute, eta herritarren parte hartzea bermatzeko uda ondoren lanketa berezia abiatuko du Getariako Udalak. Horrez gain, kudeaketa arduradun bat kontratatzeko asmoa ere badu fundazioak.