Jaione Larrañaga: "Elkano Saria txapelketa izan da nire lehen esperientzia"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2017ko uztailaren 21a

Pilotaria ez, baina pilotazalea izan da txikitatik. Maiatzean pilota epaile ofiziala izateko titulua atera du, eta lehen urratsak egiten ari da Getariako txapelketan.

Jaione Larrañaga. (Aiora Larrañaga Solaberrieta) Jaione Larrañagak (Getaria, 1988) lehen pausoak eman ditu pilota epaile bezala azken hilabetean, Getariako Emakumezkoen I. Elkano Sarian. Euskal Herrian dauden emakumezko pilota epaile bakarrenetakoa da. Pilota epaile titulua atera berri duzu. Zein da zure lana? Maila batetik bestera hainbat desberdintasun daude arautegiari dagokionean. Afizionatu mailan, esaterako, tantoa egin duen bikoteak edo pilotariak soilik eskatu dezake atsedenaldia. Ni Eskuz Binakako I. Elkano Emakumeen Pilota Txapelketako epailea naiz. Emakumeen lehiatan epaile bakarra izaten denez, ni arduratzen naiz hasierako agurra egiteaz, pilotariei pilotak eskaintzeaz eta partidan epaile lanak egiteaz. Asko al zarete emakumezko pilota epaileak? Nik dakidala Bizkaian badago profesional mailan aritzen den emakumezko epaile bat, baina Gipuzkoan ez dut besterik ezagutzen. Pilota munduan bi motatako epaileak daude; batzuk herri mailakoak dira, eta besteak, ofizialak. Nik epaile ofizialaren titulua atera dut, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edoizein pilota partidetako epaile izan naiteke. Nondik sortu zitzaizun pilota epaile izateko gogoa? Ez naiz inoiz pilotaria izan, baina pilotazalea naiz txikitatik. Iaz pilota epaile izatea bururatu zitzaidan, eta Gipuzkoako Pilota Federaziora joan nintzen informazio eske. Federazioko lehendakari Joserra Salaberriarekin hitz egin nuen, eta hark pilota jokoaren araudiaren inguruko liburu bat eman zidan. Hori ikasten aritu naiz, eta maiatzean Abadiñon egin dut azterketa ofiziala. Bestalde, proba pasa aurretik, Donostian ikastaro praktiko bat eman ziguten gipuzkoarroi. Getariako emakumezkoen Elkano Txapelketa izan da nire lehen esperientzia epaile nagusi moduan. Horrez gain, gizonezkoen Salbatore Txapelketan Pasako edo atzeko epaile bezala ere aritu naiz azken astetan. Zer moduz sentitu zara epaile lanak egiten? Oso gustura nago. Giro ederra izaten da txapelketetan, eta frontoia herriaren erdigunean dagoenez, herritar eta bisitari mordoa gerturatzen da pilota partidak ikustera. Hasierako partidetan presiorik edo urduritasunik sentitu al zenuen? Ekainaren 11n hasi zen emakumezkoen txapelketa, eta Gure Txeru Pilota Elkarteko lehendakari Xegundo Alkortak eskaini zidan bertako epaile izatea. Ilusio handia egin zidan proposamenak, baina lehen partidetan oso urduri egon nintzen. Emakume pilotariek ondo hartu al zaituzte? Oso ondo hartu naute, eta giro ederra dago parte hartzaile guztien artean. Zazpi bikote parte hartzen ari dira txapelketan, bi multzotan banatuta, eta hilaren 30ean jokatuko dute finala. Zenbait kiroletan epaileen lana nahiko gatazkatsua izan ohi da. Pilotan ere horrela al da? Ni hasiberria naiz, eta horrelako esperientzia zailik ez dut bizi. Gainera, herri mailan nabil oraindik, eta hemen giroa lasaia izaten da. Agian, profesionaletan saltsa gehiago egon liteke alderdi horretatik. Zer iruditzen zaizu Gure Txeru elkarteak emakumezkoen pilota txapelketa antolatu izana? Azkenaldian gero eta gehiago dira emakumezkoen pilota txapelketak antolatzen dituzten herriak, eta berdintasuna lortzeko bidean beharrezkoa zela uste dut. Badaude pilotan jokatzen duten emakumeak, eta txapelketei esker, emakume gehiago animatuko direla iruditzen zait.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide