Hoditeria sistema berriaren inaugurazioa, Getarian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Ekainaren amaieran inauguratu zuten Getarian euri ura eta ur zikina bereizteko hoditeri berria. Hiru urte iraun dute lanek, eta Getariako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ur Kontsorzioak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartu dute proiektuan. Euri ura bideratzeko 428 metro hodi jarri dituzte, saneamendurako 69 metro hodi, eta hornikuntzarako 250 metro hodi. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamendua arduratu da lanak zuzentzeaz eta laguntza teknikoa emateaz. «Proietua egiteko saneamendu sare osoaren diagnosia egin da; besteak beste, saneamenduko tutu guztien azterlan topografikoa egin behar izan da», azaldu dute aldundiko arduradunek.
«Erronka garrantzitsua»
Getariako Udaletik adierazi dutenez, azken hamarkadetan herrian izan den «erronka handienetakoa» izan da euri ura eta ur zikinak bereizteko lanketa, batez ere ingurumenari dagokionean. Izan ere, «hainbat urtetan herriko uren zati handi bat ondo bereizi gabe isuri izan dugu itsasora, eta horrek eragin kaltegarria izan du ingurumenean».
Alde Zaharreko eta Alde Berriko urak ondo bereizita zeuden, baina N-634 errepideko banaketa lana egiteke zegoen, eta herriko alde berritik zetozen urak errepidearen azpian nahasi egiten zirela aitortu du udalak. «Horregatik, ura nahasita jaisten zen Alde Zaharretik behera, araztegiraino , eta handik itsasora isurtzen zen».
Horrez gain, udal ordezkariek azaldu dute euri asko egiten zuen egunetan Kale Nagusitik gora nahasitako urek «gainezka» egiten zutela. «Hoditeria ongi bereizi gabe zegoenez, araztegia buxatu egiten zen, ezin baitzuen gehiegizko ur kantitatea behar bezala kudeatu». Getaria hazten joan den heinean, «arazoa larritu» egin zela azaldu dute, eta horregatik erabaki zuen Getariako Udalak euri ura eta ur zikina bereizteko lanak egitea.
DATU EKONOMIKOAK
Lanen kostu osoa: 640.000 eurokoa izan da.
Gipuzkoako Ur Kontsorzioa: ur horniduran eta saneamenduan egindako hobekuntzek 175.000 euroko kostua izan dute.
Eusko Jaurlaritzak: 250.000 euro jarri ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak: 22.000 euroko laguntza emateaz gain, proiektua zuzendu du.
Getariako Udalak: 191.300 euro jarri ditu.