kimen berrian parte hartuko duten diseinatzaile eta sortzaileak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Cristobal Balenciaga Museoak bertako diseinuak ezagutzera emateko eta merkaturatzeko sail berria aurkeztu zuen pasa den astean. Bertako artistei, artisauei eta diseinatzaileei ikusgarritasuna eman nahi die horrela, eta museoan espazio bat egokitu dute, gune komertzialaren barruan, sortzaileen bildumak erakusteko eta produktuak saltzeko.
Museoko zuzendari Miren Vivesek aurkezpenean azaldu zuenez, museora joaten diren bisitariek «sentsibilitate handia» dute diseinuarekin eta modarekin. «Urte hauetan ohartu gara bisitariek Balentziagaren lana ezagutzeaz gain, bertako egungo diseinatzaileek zer egiten duten ere ezagutu nahi dutela museora etortzen direnean, eta horregatik abiatu dugu moda ekintzailetza oinarrian duen proiektua».
Gune komertzialean salgai
Balentziaga museoak lehiaketa ireki bidez aukeratu ditu sei hilabetez beren bilduma erakusteko aukera izango duten sortzaileak. 25 proposamen aurkeztu ziren denera, eta bost sortzaile gipuzkoar eta arabar bat aukeratu dituzte: Tutaytelmo, Slowbag, Isabel Zapardiez, Gabriela Muñagorri, BOX San Sebastian eta Idoia Lizeaga.
Museoko arduradunek azaldu dute bildumak aukeratzerakoan «produktuen kalitatea, ideia, diseinua eta proposamena bere osotasunean» kontuan hartu dituztela. Horrez gain, sortzaileen produktuak museoaren gune komertzialean salgai egongo direnez, eremu horretara egokitutako bildumak aukeratzen saiatu dira. Besteak beste, zapiak, poltsak, bitxiak, aterkiak eta beste zenbait osagarri eskainiko dituzte.
Miren Vives zuzendariak adierazi zuenez, «proiektua pilotua» da. Sei hilabetetan bisitarien artean duen harrera aztertuko dute. Epe hori bukatutakoan helburuak bete ote diren ebaluatuko dute, eta emaitzaren arabera, ekimena egonkorra izatera pasatu daiteke.
Zubiak eraikiz
Cristobal Balentziagak Donostian bere lehen denda ireki zueneko mendeurrena ospatzeko, museoa jostun getariarraren dimentsio komertziala lantzen ari da aurten. Ekimen berriarekin, museoak zubiak eraiki nahi ditu gaur egungo sortzaileekin. Ildo horretan, EHUko udako ikastaroen barruan moda ekintzailetzako ikastaroa egingo dute.
SORTZAILEEN INFORMAZIOA
Tulaytelmo (Bikuña). Sonia Sanz margolari eta ilustratzaileak eskuz margotutako arropa eta osagarri esklusiboak egiten ditu, denak desberdinak. Horretarako, artisautza tradizionalean eta ekoizpen arduratsuan oinarritzen da. Material iraunkorrak eta ekologikoak erabiltzen ditu.
Slowbag (Donostia). Tytti Thusberg moda diseinatzaile finlandiarra Donostian bizi da 1996tik. 2008an abiatu zuen Slowbag proiektua segurtasun uhal birziklatuekin poltsak sortuz. Lehengaia autoak desegiteko zentroetan lortzen du. Beraz, poltsak material birziklatuarekin egiten ditu.
Isabel Zapardiez (Donostia). Isabel Zapardiez diseinatzaileak emakumeen itxuraren unibertso osoa hartzen du: emaztegaien bildumak, emakumeen arropa, zapatak eta osagarriak. Museoan aurkeztu duen bildumak kultura japoniarraren elementuetan oinarritutako aterkiak biltzen ditu. Gainera, diseinu garaikidea eta hiritarra duten poltsak ere badaude.
Gabriela Muñagorri (Donostia). Gabriela Muñagorri Arte Ederretan lizentziatua eta modan aditua da, eta garrantzia handia ematen die ehunei. Emakumeek zein gizonek erabili ditzaketen zapiak egiteko Europan ekoitzitako eta Donostian diseinatutako ehunak erabiltzen ditu.
BOX San Sebastian (Donostia). 1948an sortu zen eta erreferentziazko etxea da goi mailako larrugintzan. Kalitatea, artisautza eta diseinua hartzen ditu oinarritzat bere produktuak egiterakoan.
Idoia Lizeaga (Errenteria). Bitxigintzan dago espezializatua eta Itsasoko Harriak bilduma aurkeztu du museoan. Zilar hariz eta eskuz ehundutako bitxien bilduma da; mineralak eta harri erdibitxiak tartekatzen ditu bere lanetan.