Getariako biatloia.
Getariako Biatloia dataz aldatzea erabaki dute antolatzaileek, segurtasun arrazoiak tarteko. Kirol proba horren aurreko edizioak uztailean jokatu izan dira; aurten, ordea, irailaren 16rako antolatu dute. Erabaki hori segurtasun arrazoiengatik hartu dutela azaldu du Getariako Udalak. "Uztaileko egun hauetan jende asko eta ibilgailu bolumen handia izaten da, eta biatloiko parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea beharrezkoa ikusi dugu", adierazi du udalak.
Iazko proban, XV. edizioan, 85 kirolarik parte hartu zuten Getariako proban. Orduan, Unai Zabala oriotarra eta Gema Hernandez urretxuarra izan ziren irabazleak. Parte hartzaileek igerian 550 metro eta lasterka 3.500 metro egin zituzten.