Mundubira 500: Elkano Fundazioa sortu dute, Joan Sebastian Elkanok 1519-1522 bitartean emandako lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena ospatzeko, eta horren harira, hainbat ekimen antolatzeko asmoa dute fundazioa osatzen duten erakundeek. Itsasoak lurraldearen garapen ekonomikoan eta sozialean izan duen garrantziari balioa eman nahi diote.
Asteazken arratsaldean, uztailaren 5ean, egin zuten Mundubira 500: Elkano Fundazioaren aurkezpena Getariako udaletxeko batzar aretoan. Ekitaldian bertan izan ziren Getariako alkate Nika Lertxundi, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturain, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olano eta Kultura diputatu Denis Itxaso, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapia.
Horrez gain, Euskal Herriko hainbat udalerritako alkateek ere hartu zuten parte; besteak beste, Aiako alkate Nekane Arrizabalagak, Orioko alkate Joxe Angel Zalduak, Zarauzko alkate Xabier Txurrukak eta Zumaiako alkate Oier Kortak.
Xabier Alberdi historialariak gidatu zuen aurkezpen ekitaldia, eta saioko lehen zatian Aiako Laurgain auzoko dorrearen jabe Anne Marie Christophe de Lardizabal omendu zuten.
Izan ere, Borja Aginagalde ikertzaileak galdutzat ematen ziren Elkanoren zortzi agiri aurkitu zituen Aiako dorretxeko artxibategian, 2016ko martxoan; horien artean, Getariako itsasgizonak munduari bira eman ostean Gorteei emandako erantzuna.
Lardizabal oso hunkituta agertu zen omenaldian, eta gogoratu zuen duela 500 urtetatik Laurgaingo jaunek Euskal Herriaren eta Gipuzkoaren historian parte hartze aktiboa izan dutela. «Forja eta ontzi industria sustatu zuten, eta politikan ere parte hartze zuzena izan zuten; besteak beste, nire birraitona aldundiko diputatua izan zen. Horregatik, asko pozten nau Elkanoren gutunak gipuzkoarren eskura jartzeak», adierazi zuen. Dokumentuak udalbatzar aretoan ikusgai jarri zituzten ekitaldian.
Lan ildoak
Itsasoaren potentzialitatea oinarri hartuta, kultura, turismoa, industria, merkataritza eta hezkuntza arloak sustatzea du helburu fundazioak. Ildo horretan, Elkanok lortutakoa eredutzat hartu, eta Getaria, Urola Kosta eskualdea, Gipuzkoa eta Euskal Herria Europara eta mundu guztira zabaldu nahi dituzte.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok aurkezpenean azaldu zuenez, hainbat lan ildo jorratuko dituzte horretarako. Alde batetik, garai eta gertakari horren inguruko ikerketa bultzatu nahi dute, eta lortutako ezagutza hezkuntzan txertatu eta gizarteratu. Bestetik, berriz, turismoa eta itsas industria ere sustatu nahi dituzte mendeurrenaren harira. «Erronka garrantzitsua dugu esku artean. Guk hartzen ditugun erabakiak, gure oinordekoek etorkizunean gogoratuko dituztela jakin badakigu. Horregatik, sentsibilitate politiko desberdinek bat egin dugu Gipuzkoako historiaren pertsonaia garrantzitsuenetako bat izan denaren figura aldarrikatzeko lanean», adierazi zuen.
Elkanoren lorpena ezagutarazi nahi du fundazioak
1519. urtean Fernando Magallanesen gidaritzapean bost itsasontzik eta 200 lagunek espedizioa abiatu zuten Asiarako bidea aurkitzeko asmoz; horietatik 30 euskaldunak ziren, tartean Elkano.
Magallanesek Ozeano Barea lehen aldiz zeharkatzea lortu zuen, baina Filipinetako Mactan uhartean zendu zen. Elkanok hartu zuen espedizioaren gidaritza, eta hiru urteko ibilbidearen ondoren munduari bira ematea lortu zuen Nao Victoria ontziak.
Espedizioak egindako aurkikuntzari esker, Atlantikoaren eta Barearen artean itsas lotura zegoela egiaztatu zen.
[flickr_set id="72157683141946584"]