Emakumezkoen Eskuz Binakako I. Elkano Saria abiatu dute, Getarian

Getariako Hitza 2017ko ekainaren 21a

Pasa den asteburuko emakumezkoen pilota txapelketa. (Gure Txeru Elkartea) Ekainaren 11n abiatu zuen Gure Txeru Pilota Elkarteak Emakumezkoen Eskuz Binakako I. Elkano Saria pilota txapelketa. Bizkaiako, Gipuzkoako eta Nafarroako zazpi bikotek eman dute izena lehian, eta gustura daude antolatzaileak txapelketak izan duen harrerarekin. «Udaberrian jakin genuen Bizkaian emakumezkoen pilota txapelketa bat jokatzen ari zirela, eta ideia polita iruditu zitzaigun Getarian ere horrelako norgehiagoka bat antolatzea». Bertako antolatzaileekin harremanetan jarri ziren Gure Txeruko kideak, eta neska pilotarien artean deialdia egin zuten; zazpi bikotek eman dute izena. «Hasiera batean zortzi bikotek eman zuten izena, baina egutegi arazoengatik bikote batek ezin izan du azkenean txapelketa jokatu». Bi multzotan banatu dituzte parte hartzaileak, eta orain ligaxka jokatzen ari dira. Multzo bakoitzeko lehen bi bikoteek jokatuko dute finalerdia uztailaren 23an, eta uztailaren 30ean izango da final handia. Partidak igandetan Gure Txeru Pilota Elkarteko kideen asmoa da txapelketak jarraipena izatea. Lehen edizioa izanik, parte hartzaile kopuru polita lortu dutela uste dute. Izan ere, txapelketaren helburua emakume pilotariei partidak jokatzeko aukera ematea da. «Bikote gehiegik izena ematen badute, bikoteek partida bakar bat jokatu ahalko lukete. 7-8 bikoterekin, ordea, ligaxka antolatu daiteke». Partidak herriko pilotalekuan jokatzen dituzte, eta igande arratsaldetan «giro ederra» sortzen dela aitortu dute antolatzaileek. «Herritar ugari biltzen da frontoi inguruan partidak ikusteko. Saltsa jartzen du lehiak».  

Eneritz Arrieta: "Getariako pilotalekua berezia da; tamaina hartu behar diogu"

Eneritz Arrieta (Azkoitia, 1986) pilotaria Getariako I. Elkano txapelketa jokatzen ari da. Zer moduzkoa izaten ari da esperientzia? Oso gustura ari gara. Pasa den astean jokatu genuen lehenengo partida; galtzen hasi ginen, baina markagailuari buelta eman eta irabaztea lortu genuen. Getariako pilotalekua berezia da, desberdina, eta tamaina hartu behar diogu. Emakume pilotariok txapelketa asko izaten al dituzue? Udaberrian Master Cup Txapelketa jokatu genuen, eta horrekin badirudi emakumezkoen esku pilota zabaldu egin dela. Azkenaldian hainbat txapelketetatik deitu gaituzte: Añorgan txapelketa izan dugu, Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa, Espainia) ere egun bateko txapelketan parte hartu genuen, eta Getarikoarekin gabiltza orain. Gainera, hainbat herritatik deitu gaituzte, jaietako txapelketetan jokatzeko. Zer-nolako prestaketa egiten duzue? Gu zortzi lagun inguru biltzen gara Azpeitian, eta astean bitan entrenatzen dugu. Ondo pasatzen dugu. Partidak asteburuetan eta batzuetan astean zehar ere jokatzen ditugu. Zuen taldetxoa aspalditik al dabil esku pilota munduan? Iaz Azpeitiko saninazioetarako hots egin ziguten, eta orduan hasi ginen biltzen. Gehienok 15 urterekin pilota utzi behar izan genuen, garai horretan neskok pilotan jarraitzeko aukerarik ez genuelako. Hamar edo hamabost urte pasatu dira, eta berriro ere heldu diogu esku pilotari. Getariako pilotalekua herriaren erdigunean dago. Horrek ikusleak erakartzen al ditu partidetara? Bai, gure partidan jende dezente bildu zen. Nire ustez, garrantzitsua da hori, emakumezkoen pilota ikusarazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide