Hubert de Givenchy Getariako erakusketa bisitatzen. (C.B.M.)
Maiatzaren amaieran ireki zuen Cristobal Balenciaga Museoak
Rachel L. Mellon Collection erakusketa. Aurten ehun urte bete dira jostun getariarrak Donostian bere lehen atelierra ireki zuenetik, eta 80 urte Parisen bere etxea ireki zuela. Testuinguru horretan, Getariako museoak erakusketa berezia antolatu nahi izan du urteurrena ospatzeko. Balentziagaren nazioarteko bezerorik «onena» izan zen Rachel L. Mellonen piezak erakutsiko dituzte urtarrila amaiera arte.
Hubert de Givenchyk zuzendu du proiektua, eta erakusketak museoko areto guztiak hartu ditu. Erakusketan Mellonen 150 jantzi eta dokumentu daude; zirriborroak, gutunak, fakturak eta argazkiak, besteak beste. Pieza guztiak 1956tik 1968a bitartekoak dira.
Erakusketa Parisen eta Madrilen aurkeztu zuen Cristobal Balenciaga Museoak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Izan ere, aldundiko Kultur eta Turismo sailek Rachel L. Mellon Collection erakusketaren bidez Donostiaren eta Gipuzkoaren irudia zabaldu nahi izan dute Espainiako eta Frantziako merkatuetan.
Cristobal Balenciaga Fundazioko kideek azpimarratu dute bilduma sortzerakoan «museoari dohaintzak egiten dizkioten lagunen garrantzia, eta museoa eratzen duen komunitatearen babesa».
Erakusketa birtuala
Google Arts & Culture ekimenaren
We Wear Culture estiloaren munduko erakusketa birtualik handienean parte hartuko du Cristobal Balenciaga Museoak, New York, Londres, Paris, Tokio, Sao Pauloko eta munduko beste 180 kultur erakunderekin batera. «Proiektu honen asmoa damodaren kultura sortzea, Google-en teknologiaren laguntzarekin eta munduan ospe handia duten erakunde nabarmenekin batera», adierazi du Miren Vives museoko zuzendariak.
Erakusketa birtuala landu dute modako hainbat adituk, komisariok eta diseintzailek, baita unibertsitate, museo eta erakundeek ere. Erakusketaren barruan lau lan ildo nagusitan jorratuko dituzte Cristobal Balenciagaren lana eta museoaren jarduna: Cristobal Balenciaga Museoa. Preserving and sharing a heritage; Cristobal Balenciaga, ondare atenporala; Balenciaga, luxuaren esperientzia; eta Cristobal Balenciaga, hasierako urteak.