Gipuzkoatik Gernikara omenaldiko aurkezpena. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gernikako hilerriko hobi komun batean lurperatuta dauden 82 gudari omenduko ditu larunbatean,
Gipuzkoatik Gernikara omenaldian. Gipuzkoarrak dira gehienak, 28 udalerri desberdinetakoak, eta horietatik hamazortzi Urola Kostakoak dira: Azkoitiko bost, Azpeitiko lau, Zumaiako lau, Zarauzko hiru, eta Getariako eta Zestoako bana.
Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dute larunbateko ekitaldia lurraldearen memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginaren baitan kokatzen dela. Ildo horretan, Markel Olano diputatu nagusiak aurkezpenean nabarmendu du gizon horiek bizitza eman zutela "askatasuna edota zilegitasun demokratikoa bezalako balioen defentsan", gaurko gizartearen oinarri-oinarrian dauden ideiak hain zuzen. “Gudari hauen memoria argitara atera eta gizarteratzea da egin diezaiokegun omenaldirik onena”.
Ekitaldia 12.00etan izango da Gernikako hilerrian, eta lurperatutako gudarien familiak bertan izango dira, baita hainbat udaletako ordezkariak ere, besteak beste Getariako eta Zarauzko udal ordezkariak. Omenaldian lurperatutako gudarien izenak jasotzen dituen monolitoa inauguratuko dute.
Lau batailoi
Lurperatutako gudari gehienak EAJren Amaiur, Loiola, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren. "Batailoi hauen jatorria Gipuzkoan dago, baina lurraldea frankisten esku geratu ostean Gernikan ezarri zituzten euren kuartelak”, azaldu du diputatu nagusiak. Alderdi jeltzaleak hainbat hilobi erosi zituen Gernikako hilerrian 1936ko udazkenean, batailoi hauek parte hartzen zuten borroketan egon litezkeen hildakoak lurperatzeko. Frankismoan, ordea, gorpuzkiak atera eta hilobiak salgai jarri zituen Gernikako Udalak, eta gudarien gorpuak hobi komun batean sartu zituzten, apenas markarik gabe.
"Historiatik euren traza ezabatzen saiatu ziren baina, zorionez, ez zuten lortu. Larunbateko ekitaldiak mugarria izan gura du, pasarte hau herri honen memoria kolektiboan betiko txertatua geratzea du xede”, nabarmendu du Olanok.