Getariako portuan TAO sistema martxan jarriko dute bihar. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Hondartza denboraldia abiatu dute Gipuzkoako hondartzetan, eta bihartik aurrera Getariako portuan aparkaleku mugatua izango da.
Getariako Udaletik jakinarazi dutenez, bihar bertan jarriko dute martxan TAO sistema herriko portuan eta hondartzen inguruan. 10:00etatik 20:00etara izango da, eta ordu erdi aparkatzeagatik 50 zentimo ordaindu beharko da, eta orduero euro bat. Egun osoan aparkatzeagatik, berriz, 10 euro ordaindu beharko dute bisitariek.
Udalak kudeatzen du herriko TAO sistema, eta aurten 11 langile kontratatu dituzte.
Harritarte zainduta
Bihartik aurrera Harritarteko aparkalekua zaintzeko sistema martxan jarriko dutela ere jakitera eman du udalak. Aparkaleku hori eguneko 24 ordutan zainduta egongo da, erabiltzaileek ezarritako ordutegia errespetatu dezaten.
Hartutako neurriarekin Harritarteko eremuan sortzen diren zirkulazio eta mugikortasun arazoei irtenbidea eman nahi die udalak, eta horretarako ezarritako erabilera eta ordutegia errespetatzeko eskatu dute.