Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean ospatu zuten Getarian Zahartzaroari Omenaldia. Lehenik eta behin Salbatore Deunaren elizan meza izan zen; bertan izan ziren Nika Lertxundi alkatea eta Quirino Azpeitia Basurtoren eta Raimunda Basurto Lazkanoren familiakoak. Ondoren, Eneritz Jauregik zuzentzen duen musika bandak eta Nize M. Crespok zuzentzen duen Salbatore Deuna abesbatzak kontzertua eman zuten, besteak beste Eperra eta Xalbadorren Heriotzean abestiak eskaini zituzten. Eguerdian bazkaria izan zen Zumaiako Marina Berri jatetxean, eta 134 lagun elkartu ziren; arratsaldean Josetxo Mendizabalekin dantzaldi izan zen 20:00ak arte.
Guraso Elkarteak nabarmendu du "urtero omenduen familiekin gertatzen den moduan", aurten ere Quirino Azpeitiaren eta Raimunda Basurtoren familiek "harrera ezin hobea" egin dietela. Horrez gain, bazkarian parte hartu zuten herriko jubilatuen "umore ona eta alaitasuna" ere azpimarratu dute; "jende guztia ondo pasatzeko gogoz etortzen da eta guztiek esker ona adierazten digute; horrek hurrengo urtean berriz ere hainbeste merezi duten omenaldia antolatzeko indarra ematen digu".
Getariako Guraso Elkarteak eskerrak eman dizkie Zahartzaroari omenaldia antolatzen lagundu dieten guztiei: "San Agustin Berria, Amets, Agustin Deuna, Iribar Zulaica, Irigoien Berria, Berriz Irigoien, Juan Jose, Izaskungo Ama, Stela Maris, Casimirona, Pedro Jose Berria, Irizabal Arrainak, Pescados Getaria, Viveros San Anton, Elkano jatetxea, Mayflower jatetxea, Centro Odontológico Balenciaga, Eroski Getaria, Salanort, Maisor, Getariako Txakolina Jatorri deituraren barnean dauden Getariako upategiak, Kutxa, Balenciaga Museoa, Mariñelak Elkartea, Elkano Kofradia eta Getariako Udala".