Getariako Cristobal Balenciaga Museoa. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Ehun urte bete dira Cristobal Balenciagak Donostian bere lehen denda ireki zuenetik, eta urteurrenaren harira Cristobal Balenciaga Museoak bertako diseinatzaileen lana erakusteko eta saltzeko espazio bat irekiko du. Modu horretan, bertako sortzaileei, artistei, artisauei, diseinatzaileei eta markei «ikusgarritasuna» eman nahi diete museoko arduradunek.
Espazio berezi bat egokituko dute museoko gune komertzialaren barruan, sortzaile horien bildumak erakusteko eta saltzeko. «Museora etortzen den publikoak nazioarteko profila du, eta modarekiko sentsibilitate berezia», azaldu dute museotik. Horregatik, arduradunek uste dute bertako sortzaileen lana ezagutarazteko aukera aproposa izan daitekeela.
Museoko ekimen berrian parte hartuko duten sortzaileak aukeratzeko deialdi irekia egin du Cristobal Balenciaga Museoak. Gehienez sei sortzaile aukeratuko dituzte, eta horiek sei hilabetez, uztailetik abendura bitartean, aurkeztuko dute beren lana museoan.
Sortzaileen erakusleiho
Deialdian Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona fisiko eta juridikoek parte hartu dezakete, eta hautagaiek ekainaren 11ra bitartean aurkeztu beharko dituzte beren proposamenak. Museotik jakinarazi dute, proposamenen artean moda-diseinuarekin lotutako produktuak aurkeztu behar direla: zapiak, poltsak, bitxiak, kapelak, burukoak, gerrikoak, oinetakoak edota jantziak. Interesatuek deialdiaren oinarrriak
www.cristobalbalenciagamuseoa.com helbidean eskuragarri dituzte.
Cristobal Balenciaga Museoko zuzendari Miren Vivesek azaldu duenez, «deialdian eskatzen dena ez da produktu esklusiboak edo museoaren markari lotutako produktuak saltzea, ezta Balenciagari lotutakoak ere. Gune hori, sortzaileen lan ildoen showroom edo erakusleiho izatea nahi dugu», adierazi du.
Ikastaroak
Getariako museotik adierazi dute, aurten jorratuko duten gaia Cristobal Balenciagaren enpresa ikuspuntua izango dela. «Ekimen horrekin zubiak eraiki nahi dira, museoaren eta gaur egungo sorkuntzaren artean», adierazi du Vivesek. Ildo horretan, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidentzan, udako ikastaroen barruan, Moda Ekintzailetzari buruzko I. Cristobal Balenciaga Museo Eskola abiatuko dute.
Gainera, udazkenean goi mailako moda ikasketak eskaintzen dituen London College of Fashion zentroarekin elkarlanean ikastaroak eskainiko dituzte. «Oraingoz proiektu pilotua da, baina ekitaldi egonkorra izatera iritsi daiteke».