Larunbaterako Euskal Jaia antolatu dute Getarian, eta datozen egunetan festa giroan murgilduko dira herritarrak. Gaur iluntzean ekingo diote Euskal Asteari Laburbirarekin. Getariako Euskara Sailak eta Topaguneak antolatuta, euskarazko zortzi film labur proiektatuko dituzte Iturzaeta eskolako areto nagusian: Oier Fuentesen Azken Saskia, Ageda Kopla taldearen Beti bezperako koplak, Alejandro Diazen Ihesa, Ibon Izaren Alemakarrak, Eki Pagoagaren Jalgi, UDA films-en 208º, Euspot lehiaketako spot onena eta Kepa Sojoren Hileta.
Bestalde, ostiralean, Gure Txeru dantza taldeak saio bikoitza eskainiko du herriko frontoian. Arratsaldean, 19:00etan hasita, haurren emanaldia izango da, eta gauean, 22:30etik aurrera, gazte eta helduena.
Irrintzi onenaren bila
Larunbatean izango da Euskal Jai eguna, eta egunean zehar jai giroa nagusi izateaz gain, hainbat lehiaketa egingo dituzte. Alde batetik, herritarren artean arrakasta izan ohi duen irrintzi lehiaketa antolatu dute. Eguerdian izango da, 13:30ean hasita, eta bi mailatan banatuta parte hartuko dute herritarrek; alde batetik, 14 urtetik beherako gaztetxoek lehiatuko dute, eta bestetik, 14 urtetik gorakoek. Udaletik jakinarazi dute irrintzi lehiaketan parte hartu nahi dutenek baserritarrez jantzita atera beharko dutela jendaurrera.
Bestalde, Trikitilari Gazteen Getariako XVIII. Txapelketa ere jokatuko da. Getariako Udaleko Kultura sailak antolatu du, eta Euskal Herriko trikitilari gazteak bilduko ditu hitzorduak. 17:00etan hasiko da, eta bikote bakoitzak hiru abesti jo beharko ditu: Trikitia, Pot-pourria, eta Arin-arina, Fandangoa edo Porrusalda; azken hiruretatik bat aukeratu beharko dute lehiakideek. Epaimahaikideek ondorengo ezaugarriak hartuko dituzte kontuan: abestien zailtasuna, bikoteko kideen arteko bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta pandero jotzailearen lana.
EGITARAUA
Gaur, maiatzak 24
- 21:00etan, 2017 Laburbira Euskarazko Film Laburren Emanaldia. Euskarazko zortzi ekoizpen proiektatuko dira Iturzaeta Herri Eskolako zinema aretoan. Sarrera doakoa izango da.
Maiatzak 26, ostirala
- 19:00etan hasita, Gure Txeru dantza taldearen emanaldia, herriko frontoian. Lehenengo haurren emanaldia izango da, eta 22:30ean dantzari gazte eta helduena.
Maiatzak 27, larunbata, Euskal Jai Eguna
- 09:00etan, diana Getariako txistulariekin. Gazte Alaiak taldeko, musika eskolako eta herri eskolako txistulariek parte hartuko dute.
- 10:30etik 14:00etara. Frontoian azoka eta bertako produktuen dastaketa.
- 11:30ean, musika eskolako trikitilariak kalez kale.
- 12:00etan, musika eskolako trikitilarien emanaldia plazan.
- 12:30ean, Jauziak, Lantzeko Inauteria, Polka, Fandangoa eta Arin-arina eta Banakoa, Gazte Alaiak txistulariekin plazan.
- 13:15ean, Larrain Dantza plazan.
- 13:30ean, helduen eta gaztetxoen irrintzi lehiaketa herriko plazan.
- 17:00etara, Trikitilari Gazteen Getariako XVIII. Txapelketa plazan.
- 19:00etik aurrera, Nafarroa Kanta Taldearekin kantu-jira herrian barrena.
- 22:30ean, Obaneuke taldearekin berbena herriko plazan.
Maiatzak 28, igandea
- 12:30ean, XXXIX. Gure Txeru Eskuz Binakako Txapelketako finala, herriko frontoian