Getariako udalbatzarra ostegunean. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Behin betiko onarpena eman zioten Getariako 2017ko udal aurrekontuari, osteguneko udalbatzarrean. EAJk hamalau emendakin aurkeztu zizkion aurrekontuari, baina EH Bilduk, gaiak aztertu ondoren, ez zituen aintzat hartu. Proposamenak «herriaren oinarrizko beharrizanak duintasunez eta etorkizuna anbizioz hartzeko» garatuak izan direla azaldu zuen Aitor Urresti EAJko zinegotziak. «Gure ustez Getariako udal gobernuak egin duen aurrekontuak ez du iparrorratzik. Hutsune gutxi batzuk estaltzera bideratua dago soilik, eta ez ditu herritarren eta herriaren etorkizuna aintzakotzat hartzen. Guk herria bere osotasunean eta ahaztuak izan diren sektore nahiz ardatz estrategikoak proiektuz josi nahi ditugu erregistratu ditugun proposamenekin», azaldu zuen Urrestik.
Besteak beste, EAJk uste du «herria zikina» dagoela eta udalak «ahalegin berezia» egin behar duela arazo hori konpontzeko. Horrez gain, aurrekontuak jasotzen dituen inbertsioak «kualitatiboki eskasak eta kuantitatiboki urriak» direla adierazi zuen. Gainera, EAJk salatu zuen EH Bilduk %14,64 jaitsi duela Gizarte Ongizateko partida. Bestetik, nabarmendu zuten turismoak gero eta indar handiagoa duela Getarian, baina plangintza ezak «okerrera» daramala herria.
«Ez da jaitsierarik egon»
Getariako udal gobernuko Ogasun arduradun Iker Azkuek azaldu zuenez, ez dituzte kontuan hartu EAJk aurkeztutako emendakinak «zehaztasunik gabeak» direla uste dutelako. «Ez dute partida zehatzetan aldaketarik edo inbertsiorik proposatzen. Emendakinak baino gehiago, prentsara eta sare sozialetara begira egindako iritziak dira». Azkuek argitu nahi izan zuen Gizarte Ongizate atalaren inguruan EAJk egin duen salaketa okerra dela.
«Aurrerantzean gaztelekua Urritza taldeak kudeatuko du, eta partida hori Gizarte Ongizate ataletik Gaztedia arlora pasa dugu. Horrek Gizarte Ongizatean jaitsiera ekarri du, baina zerbitzuak matentzen direla dakizuen arren, jaitsiera bat egon dela salatzen ari zarete», erantzun zien Azkuek EAJko kideei. Gainera, gogoratu zuen udal gobernuak ez duela «herritar bat bera ere babesik gabe utzi». Nabarmendu zuenez, «arlo horri lehentasuna eman diogu, beste hainbat gairen aurrean».