Getariako herri galdeketa. (Ainitze Agirrezabala)
Brankan elkarteak "oso balorazio positiboa" egin du maiatzaren 7ko herri-galdeketaren inguruan, bai herrian bai eskualdean "oso emaitza onak" lortu baitira. Alde batetik, galdeketan izandako parte-hartzea azpimarratu behar dela uste du Getariako elkarteak, (% 49,78 Getarian, eta % 31,34, eskualdean). Bestetik, egunean zehar herritarrengan ikusi zuten "ilusio eta energia" nabarmendu dute. "Halaber, aipagarria da boto- emaileen artean izandako aniztasuna: gazteak, helduak, senegaldarrak, euskaldunak, arabiarrak... Azken finean, pentsaera eta jatorri ezberdineko jende ugarik eman zuen bozka".
Brankan elkarteak adierazi du argi geratu dela "getariarrok Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabaki nahi dugula, eta bide horretan, lehen urratsak eman ditugu. Brankan taldeak olatua sortu du, eta Getariako herritarrok olatua hartu dugu. Baina hau hasi besterik ez da egin; hemendik aurrera eman beharreko urratsak denon artean adostu beharko ditugu, eta horretarako bidea eta tresnak Gure Esku Dago taldeak eskainiko dizkigu".
Brankan elkarteak herri galdeketa ahalbidetu zuten guztiak zoriondu ditu. Horrela diote oharrean:
"Bestalde, BRANKAN taldetik ZORIONAK eman nahi dizkizuegu maiatzaren 7ko herri-galdeketa ahalbidetu duzuen getariar guztioi:
ZORIONAK urte guztian zehar bidelagun izan zaretenoi; batzuk boletoak saltzen, besteak irribarre batekin erosten, bateren bat gure idatzi guztiak zuzentzen, kalean animoak ematen, egin dugun lana baloratzen...
ZORIONAK Gaztetxeko eta Karta Sozialeko kideei, hilero zuek erabakitako baiezkoaren aldeko kanpainarekin herria girotzeagatik, baita flashmob-a erakusten eta entseatzen jardun zineten Gaztetxeko nahiz eskolako lagunei.
ZORIONAK sinadura biltzeko txandak bete zenituztenoi, eta sinatzera etorri zineten guztioi.
ZORIONAK taldean, familian edo koadrilan argazkiak atereaz herri-galdeketari atxikimendua adierazi zeniotenoi.
ZORIONAK denda zein tabernetan Brankan taldearen karteltxoa jarriz herri-galdeketa babestu duzuenoi.
ZORIONAK Getariako Udalean zinegotzi zein alkate izan zinetenoi eta gaur egun zaretenoi, argazki eder hura ateratzeagatik edo zuen atxikimendua adierazteagatik.
ZORIONAK Getariako Udalari eta bertako langileei gauzak errazteagatik.
ZORIONAK boto-banaketan eskailerak gora eta behera neka-neka eginda baina ilusioz ibili zinetenoi.
ZORIONAK auzoetan gure mezua zabaltzen eta botoak biltzen lagundu zenigutenoi.
ZORIONAK bezperan eskusoinua gainean hartuta kaleak alaitu zituenari, eta harekin batera abestu zutenei.
ZORIONAK maiatzaren 7an bertan, egun guztian mahaian egon zineten boluntarioei.
ZORIONAK Ramon “Matxote” (edo guretzat “Ondarru”) gudariari eta Libe bertsolariari.
ZORIONAK eta eskerrik asko Hitzartu Azpeitiko taldeko kideei prozesu guztian emandako laguntzagatik, eta mila esker, baita ere, nazioarteko zein hemengo begiraleei.
ZORIONAK Artzape herri-aldizkariari prozesuan zehar eta egunean bertan egindako jarraipenagatik.
ZORIONAK mendian lau haizetara erabakitzeko eskubidea zabalduz, tabernan txandak eginez, hamaiketakoak banatuz, umeentzat ekintzat aurrera eramanaz, eguerdian Gure Esku Dagoren abestia abestuz, arratsaldean flashmob- a dantzatuz, pilota-partidua antolatuz eta jokatuz, eguna festa-giroan pasatzea posible egin zenuten guztioi. Baita kaleak girotu eta jendea alaitu zenuten bertsolari, trikitilari zein txistulariei; eta noski, goizean goiz eta iluntzean, muntatze- eta desmuntatze-lanetan jardun zenutenoi.
ZORIONAK iganderako hamaiketakoa prestatu eta guretzat bazkari goxo-goxoa prestatzen ibili zinetenoi.
ZORIONAK hemen aipatu ez ditugun baina era batera edo bestera lagundu diguzuen guzti-guztioi.
ZORIONAK egun osoko festa girotu eta festaz gozatu zenutenoi.
ZORIONAK ZURI!! Gizon, emakume, zahar edo gazte, etorkin, arrantzale, langabetu, ikasle, nekazari, langile, musikari, idazle, erretiratu.... Zu zaren horri, erabakitze-eskubidean sinetsiz eta maiatzaren 7an zure bozka hautestontzian sartuz, gure ametsa egi bihurtzeagatik."
https://youtu.be/Ush3fuDLZBI