Ucin, Larrazabal, Iribar eta Berasategi omendu dituzte Antxoa Eguneko ekitaldi nagusian

Urola Kostako Hitza 2017ko mai. 5a, 13:51

Gaur eguerdian Cristobal Balenciaga Museoan egin duten ekitaldi instituzionalarekin hasiera eman diote Getariako Antxoa Egunari. Bertan izan dira, Getariako alkate Nika Lertxundi, Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiako Emeterio Urresti, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta MSC nazioarteko itsas erakundeko ordezkari Laura Rodriguez Zugasti. Ekitaldian Zilarrezko Antxuaren aipamena jaso dute Pescados A. Ucin enpresako Antoni Ucinek, Irizabal SA Arrainak enpresako Mariano Larrazabalek eta Sorkunde Iribarrek, eta Martin Berasategi sukaldariak. Getariako alkateak lagun horiek arrantza sektorearen alde egindako lan handia nabarmendu du jendaurrean, eta beren ibilbide luzeko hainbat xehetasun ere aipatu ditu. Hunkitu egin dira omenduak Lertxundik eskaini dizkien hitzekin. Bestalde, MSCren eskutik arrantza iraunkorraren ziurtagiria jaso du Getariako Elkano Kofradiako presidente Emeterio Urrestik. Saioaren amaieran, Gure Txeruko dantzariak aurreskua egin die omenduei, eta Getariako Salbatore Abesbatzak Antxoaren ereserkia eta Boga-boga abestu ditu. Ondoren, Maisorrek prestatutako antxoa pintxoak eta Getariako txakolina dastatu dituzte ekitaldiko gonbidatuek. [flickr_set id="72157680233375104"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide