Elkano Kofradiako Presidente Emeterio Urresti. (Aiora Larralaga/Hitza)
EMETERIO URRESTI - Elkano Kofradiako Presidentea
Arrantza iraunkorraren ziurtagiria jaso duzue. Zer esan nahi du ziurtagiriak ?
Europa mailako Marine Stewardship Council erakundearen arrantza iraunkorra ziurtagiria marka ekologiko bat da. Europa iparraldean eta Ameriketan aintzakotzat hartzen dute ziurtagiri hori, kontserba-egileek beren produktuari balio erantsia ematen diola ulertzen baitute. Dena dela, ziurtagiri hori ezin du edonork izan. Frantziarrek esaterako, arrasteontziak dituzte eta beren arrantza iraunkorra ez denez, ezin dute lortu.
Guk modu tradizionalean arrantzatzen dugu, arrain ekosistemari kalterik egin gabe. Uste dugu ziurtagiri horrek gure arraina kanpoan saltzeko balioko digula.
Hainbat urrats egin behar izan al dituzue ziurtagiri hori eskuratzeko?
Duela bost urte ezagutu genuen ziurtagiria, Europa mailan hainbat arrain ziurtagiri horren babesean saltzen ari zirela jakin genuenean. Euskal Herriko arrantzaleak ohartu ginen baliagarria izango litzatekeela ziurtagiria izatea gure arrantzatzeko modua kanpoan ezagutarazteko eta aitortzeko.
Marine Stewardship Council erakundeko arduradunekin harremanetan jarri ginen; lana nola egiten dugun ikustera etorri ziren, eta aipatu ziguten ziurtagiria izateko baldintzak betetzen genituela. Sardinarentzat eta hegaluzearentzat lortu genuen lehenengo, eta orain antxoarentzat ziurtagiria jasoko dugu. Gure helburua da arrantzatzen ditugun bost espeziek ziurtagiri hori izatea.
Arrantzatzeko modu tradizionala dela esan ohi da. Ez al da aldatu arrantza azken hamarkadetan?
Asko aldatu da sektorea, baina lan egiteko modua aurreko bera da. Hala ere, teknologia berriei esker, itsasontzian egin behar den lan fisikoa asko mugatu da, eta segurtasuna eta garbitasuna askoz hobeak dira orain.
Ontzijabeek ahalegin handia egin behar izan al dute horretarako?
Duela hogei urte Europa mailan arrantza ontzidia berritzeko diru laguntzak eman ziren. Gure apustua itsasoan jarraitzea zen, eta, laguntzak aprobetxatuz, ontziak berritzeko une egokia zela pentsatu genuen. Horrela, azken hamarkadan Euskal Herriko ontzidi guztia berritu egin da. Dena dela, ez da bide erraza izan ontzijabeentzat; izan ere, petrolioaren prezioa asko igo zen urte batzuetan eta arrain gutxiko urteak ere izan dira. Laguntzek laguntzen dute, baina ez dute arazoa konpontzen, arraina harrapatu egin behar baita. Denborarekin buelta eman diogu egoerari, eta ez gara damutu hartu genuen erabakiaz.
Nola ikusten duzu arrantzaren egoera gaur egun?
Ondo. Lehorreko lanbideekin alderatuta oso desberdina da. Itsasora ateratzen garenean ordutegirik ez dugu; arraina aurkitu arte bila ibiltzen gara, eta harrapatzen dugunean bueltatzen gara etxera. Hala ere, lanbide polita da, eta azken hamar urteetan sektorearen egoera ona da. Berdelarekin hasten dugu denboraldia. Udaberrian antxoa harrapatzen dugu. Udan hegaluzea, eta udazkenean hegamotza eta sardina. Garaian garaiko espezieak harrapatzen ditugu, eta merkatua badago hori saltzeko.
Zein da arrantza sektorearen etorkizuneko erronka?
Arraina badago, ontzi prestatuak ditugu, baina langile formatuak behar ditugu. Pasaian eta Ondarroan arrantza sektoreko eskolak badaude, baina itsasontziaren aginte zubirako eta makinarako profesionalak falta zaizkigu. Nahiko genuke gazteek itsasoa etorkizuneko aukera izan daitekeela ulertzea.
Beraz, ez dago arriskuan Getariako arrantza sektorea?
Ez, zenbait herritan itsasontzi kopurua asko jaitsi da, baina Hondarribian eta Getarian mantentzen ari da.
Antxoaren kanpainan bete-betean zaudete. Zer moduz doa antxoa harrapaketa?
Bi-hiru urte antxoa harrapatu gabe egon ginen, baina zorionez antxoa ondo berreskuratu da, eta gustura gaude. Egia da kontserbarako nahi baino tamaina txikiagoa duela, baina itsasoa ez da arrain haztegi bat, eta ez du ematen beti guk nahi duguna. Bestalde, eguraldiagatik arrantza egun asko galdu ditugu azken astetan: Aste Santuko oporraldian bakarrik egin du giro ona. Dena dela, gure antxoa kalitatezko arraina da, eta oso preziatua da merkatuan. Italiako kontserba industria ere Euskal Herrira eta Kantabriara etortzen da antxoa erostera. Esaten dute hemengo antxoa bezalakorik ez dagoela.
Motor ekonomiko garrantzitsua al da arrantza oraindik Getariarentzat?
Gaur egun hamabost itsasontzi ditugu Getarian eta beste bat Dakarren (Senegal). Arrantza sektorea garrantzitsua da herriarentzat, baina beste hainbat sektore inportante ere badaude, txakolinaren mundua esaterako. Osotasunean hartuta, kofradia enpresa handi bat da, eta arrantzarekin lotuta beste hainbat konpainia ere badaude. Dena dela, garai batean marinelak nagusiki herritarrak izaten ziren, eta gaur egun gehienak kanpotarrak dira. Ontzijabeak gara getariarrak.