Cristobal Balenciaga Museoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Madrilen. (C.B.M.)
Collecting elegance. Rachel L. Mellon’s legacy erakusketa monografikoa Madrilen (Espainia) aurkeztu zuten pasa den astean Cristobal Balenciaga Museoko kideek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. Izan ere, erakusketaren bidez, aldundiko Kultura eta Turismo sailek Donostiaren eta Gipuzkoaren irudia zabaldu nahi dute Espainiako merkatuan. Eusko Jaurlaritzako Merkararitza, Kontsumo eta Turismo sailburu Alfredo Retortillok aurkezpenean azaldu zuenez, «kulturak eta turismoak elkarrekin joan behar dute, batez ere kalitatezko turismoa erakarri nahi badugu. Kulturak balio erantsia ematen dio baliabide turistikoei, eta bi arloen arteko sinergiak sortzea oso lagungarria izan daiteke bisitatzeko toki turistikoak erakargarriagoak eta lehiakorragoak bihurtzeko».
Aurten, ehun urte bete dira Cristobal Balenciagak Donostian bere lehen tailerra ireki zuenetik, eta 80 urte Parisen atelier ezaguna zabaldu zuenetik. Urteurrenak ospatzeko, nazioartean oihartzuna izango duen
Collecting elegance. Rachel L. Mellon’s legacy erakusketa irekiko du Cristobal Balenciaga Museoak maiatzaren 27an. Hubert de Givenchyk zuzendu du proiektua, eta erakusketak museoko erakusketa areto guztiak hartuko ditu, 2018ko urtarrilaren 28ra bitartean.
Collecting elegance. Rachel L. Mellon’s legacy erakusketak 150 jantzi eta beste hainbat osagarri –zirriborro originalak, osagarriak, argazkiak eta bestelako dokumentazioa, alegia– bilduko ditu. Erakusketaren aurrerapen gisa, hiru pieza aurkeztu zituzten Madrilen Eloy Martinez Pera eta Igor Uria erakusketaren komisarioek.
San Sebastian Region
Collecting elegance. Rachel L. Mellon’s legacy erakusketaz gain, San Sebastian Region Gipuzkoako marka turistiko berria ere aurkeztu zuten Madrilen aldundiko ordezkariek. Lurralde historiko osoko baliabideak ezagutarazi nahi dituzte horrekin, hiriburuak duen erreferentzialtasuna oinarri hartuta.
Beraz, aurrerantzean Gipuzkoako eskaintza turistikoa eta kulturala zabalduko ditu San Sebastian Regionek, hiruburua, kostaldea eta barrualdea. Aurkezpenean Kultura eta Turismo diputatu Denis Itxasok Balenciaga Museoa eta Gipuzkoako kultur eskaintza, paisaia eta gastronomia ezagutzera gonbidatu zituen madrildarrak.