Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurten urteurren borobila beteko du zaletuen mailako Getariako pilota txapelketak
Getariako XX. Salbatore pilota txapelketaren aurkezpena. (Aioara Larrañaga Solaberrieta/Hitza)
Getariako XX. Salbatore Pilota Txapelketa hasiko dute maiatzaren 3an, asteazkenean. Kadete, jubenil eta 22 urtez azpiko pilotariak bilduko ditu lehiak, eta aurten 89 bikotek izena eman dutela jakinarazi du Gure Txeru Pilota Elkarteko lehendakari Xegundo Alkortak.
Aurten urteurren borobila beteko du pilota txapelketak, eta «lehen edizioan bezain gogotsu» daudela aitortu dute antolatzaileek. «Hasi ginenean bezain beste ilusio dugu. Hasiera hartan ez genuen pentsatu ere egin 20 urte betetzera iritsiko ginenik. Urtez urte joan gara. Pixkanaka txapelketa erreferentzialtasuna hartuz joan da pilotarien artean, eta aurten ia 90 pilotari bilduko ditugu. Beste batzuetan 120 pilotari izatera ere iritsi izan gara, eta ezin dugu kexatu», adierazi du Alkortak.
Pilotari gazteentzat aukera
Antolatzaileen ustez Getariako txapelketa «erakargarria» da 22 urtez azpiko pilotarientzat. Izan ere, pilotari gazteei «ezagutzera emateko aukera» eskaintzen diela uste du Alkortak, «pilotaren munduan bidea egiten laguntzen die, alegia».
Maiatzean astean bitan izango dira partidak, astelehenetan eta asteazkenetan. Ekainean eta uztailean, berriz, hiru egunetan, astelehenetan, asteazkenetan eta larunbatetan. Getariako pilota txapelketako jardunaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, eta hiru partida jokatuko dituzte egun bakoitzean.