Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
400 kirolarik parte hartuko dute Getariako kirol proban
Duela hilabete bete zen Getariako triatloian parte hartzeko zerrenda. Beraz, 400 lagun lehiatuko dira larunbatean Getaitri elkarteak hirugarren urtez antolatu duen proban. Antolatzaileek azaldu dutenez, esprint distantziako inguruko triatloien artean «azkarren betetzen» den proba da. Urtez urte «indarra hartzen» ari dela nabarmendu dute. «Getaitriko hainbat kide pasa den asteburuan Sevillako Triatloian izan ziren, eta ohartu dira Getariako Triatloiaren berri badutela Espainia mailako kirolariek», adierazi dute taldetik. Iaz, adibidez, Australiako triatleten parte hartzea ere izan zuten.
Getaitriko kideek ahalegin berezia egiten dute proba bera parte hartzaileentzat erakargarria izan dadin. Ibilbideari dagokionez, «oso polita» dela uste dute antolatzaileek. «Itsasoa eta mendia uztartzen dira une oro ibilbidean zehar, eta horrek atentzioa ematen die parte hartzaileei. Horrez gain, korrikako proba herrian barrena egiten da eta xarma berezia izaten du, ibilbidean zehar jendetza biltzen baita triatleten inguruan», nabarmendu dute.
Gainera, iaz Elkano jatetxetik Garate gainerako zatia kronometratu zuten. «Oso harrera ona izan zuen triatleten artean, parte hartzaile asko igoera horretan zer denbora egin zuten begira ibili baitziren proba bukatu zenean, erreferentziak izateko». Arrakasta izan zuela ikusita, aurten errepikatu egingo dute.
Bestalde, berrikuntza bezala, larunbatean probaren zenbait zati dron baten bidez grabatzeko asmoa dute antolatzaileek.
Boluntarioen lana
Getaitri taldeko kideek Getariako triatloian musu truk lan egiten duten boluntarioen lana nabarmendu nahi izan dute kirol probaren bezperetan. Boluntarioen lanik gabe Getariako triatloia ezingo litzatekeela egin azpimarratu dute, hain zuzen ere. «Txalotzekoa da herritar horiek egiten duten lana. Asko dira goizean goizetik hasi eta gauean dena jaso arte buru-belarri lanean ibiltzen direnak», adierazi dute antolatzaileek.
Boluntarioen lana eskertzeaz gain, saritu ere egin nahi ditu aurten Getaitri triatloi taldeak, eta, beraz, horientzako zozketa bereziak prestatu dituzte larunbaterako.