Getariako Eskubide Sozialen Kartak, Getariak Udalak, eta Getariako Gaztetxeak antolatuta TTIParen inguruko mahai ingurua egingo dute hilaren 20an, ostegunean. Bertan maila instituzionalean (Europako zein Gasteizko legebiltzarretan) alderdi politekoak TTIP hitzarmena nola eta zein ikuspegitatik lantzen ari diren, eta akordio horrek zer ondorio izango lituzkeen hizpide izango dute. Getariako Udalean ordezkaritza duten bi alderdi politikoetako hizlariek parte hartuko dute mahai inguruan; EH Bilduko Europako legebiltzarkide Josu Juaristik eta EAJko Gasteizko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxeberriak.
Apirilaren 20an izango da, 19:00tan Ulpiano aretoan, eta getariarrak TTIParen gainean informatzera eta gaiaren inguruan antolatzen diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte antolatzaileek.
TTIPa hizpide
Antolatzaileek azaldu dute T
ransatlantic Trade and Investment Partnership (TTIP) izeneko akordioa "merkatu globala gehiago garatzeko eta arautze politika suntsitzeko Amerikako Estatu Batuak eta Europa isilpean eta ezkutuan garatzen ari diren hitzarmena" dela.
Akordioaren sustatzaileek enplegua sortzeko tresna gisa azaltzen dute, baina Getariako hiru eragileek uste dute bestelako ondorioak ere izango dituela. "Merkatu global eta librea eraikitzen jarraitzeko bidean sortuko duten tresna besterik ez da TTIPa, eta herritarron eskubide sozialak dira horretarako ezabatu beharreko oztopoa", nabarmendu dute.
Antolatzaileek adierazi dute, TTIPa askotan getariarren errealitatetik urrun dagoela badirudi ere, herritarren egunerokotasunean epe luzera "eragin zuzena eta handia" izango duela. "Horregatik, eta gaiak duen zeharkako eragina kontuan izanik, hainbat eragile elkartu gara Getarian gaiaren bueltan (Eskubide Sozialen Karta, Udala eta Gaztetxea), eta azken hilabeteotan hainbat ekimen antolatzen ari gara".