Getariako EH Bilduk aldizkaria argitaratu du. (Getariako EH Bildu)
Getariako EH Bilduk aldizkari bat argitaratuko du hiru hilabetero, eta azken egunetan herriko postontzi guztietara banatu dute lehen zenbakia. "Gure helburua da getariarrentzat garrantzitsuak diren gaien inguruko informazioa zuzenean herritarrei ematea. Gaur egun, sare sozialak erabiltzen ditugu, baina konturatu gara horiekin ez garela herritar guztiengana iristen", azaldu dute EH Bildutik.
Bigarren zenbakia ekainean kaleratuko dute.
Atalez atal
Aldizkariaren lehenengo orrian, azalean, garai bakoitzean pil-pilean dagoen gaia jorratuko dute. "Lehen zenbakian Maiatzaren 7ko herri galdeketan Bai bozkatzea gaia landu dugu".
Bigarren orrian Herrigintza izeneko atala aurkituko dute herritarrek, eta segidan Getariako Udaleko kontuak irakurtzeko aukera izango dute: udal aurrekontuak, parte-hartze prozesuak eta memoria historikoaren inguruan abian dauden proiektuak, besteak beste.
Azken orrian Gipuzkoa eta Euskal Herri mailako gaiak hizpide izango ditu koalizioak aldizkari berrian.
Aldizkariaren martxa "dinamikoa" izatea nahi du Getariako EH Bilduk, eta adierazi du "herritarren proposamenetara irekita" egongo direla aldizkariko gaiak aukeratzerakoan.
Herri bilera astelehenean
Herri-bilera antolatu du koalizioak astelehenerako, eta getariarrak bertan parte hartzera animatu dituzte. "Ezinbestekoa da herritarrekin hartu-eman zuzena izatea", nabarmendu dute. 19:00etan izango da batzarra, Alondegian, eta udalean EH Bildu egiten ari den lanaren berri emango dute. Herritarren iritziak entzun eta beren proposamenak ere jasoko dituzte.