Getariako kofradia zaharra hizpide izango dute ostiralean mahai inguru batean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko martxoaren 23a

Getariako kofradia zaharra izango dute hizpide ostiralean Getarian. (Nerea Uranga/Hitza) Getariako Eskubide Sozialen Kartak Getariako kofradia zaharraren inguruko mahai ingurua antolatu du ostiral iluntzerako; 19:00etan abiatuko dute saioa, Ulpiano etxean. "Eraikinaren utzikeria egoera" dela eta, erakundetik adierazi dute getariarren artean hausnarketa eragin nahi dutela biharko solasaldiarekin. Euskal Herriko Unibertsitateko bi irakaslek hartuko dute parte mahai inguruan: alde batetik, Ana Maria Benito historialari eta arkeologoak, eta, bestetik, Ismael Manterola arte historialari zumaiarrak. Azalpenak emateaz gain, hizlariek ikus-entzunezko materiala erabiliko dute herritarrei eraikinaren egoera erakusteko eta, gisa horretan, informazio osatua emateko.

Ismael Manterola: "Ez zen kofradia bakarrik izan, arrantzaleen aterpetxea ere bazen"

ISMAEL MANTEROLA - Arte historialaria Getariako kofradia zaharraren inguruko solasaldian parte hartuko du Arte Ederren Fakultatean irakasle den Ismael Manterola (Zumaia, 1966) arte historialariak. Getariako kofradia zaharra izango duzue hizpide. Zein arlo landuko dituzue? Nik Getariako kofradia zaharrak ondare moduan duen balioa jorratuko dut. Eraikinaren egoera txarra aztertuko dut, eta adieraziko dut zergatik den garrantzitsua eraikina kontserbatzea. Ana Maria Benitok, berriz, alderdi historikoa, arkeologikoa eta antropologikoa landuko ditu. Balio historiko garrantzitsua al du Getariako kofradia zaharrak? Ehun urte beteko ditu laster eraikinak, eta mota horretako eraikuntza gutxi daude Getarian. Herriaren iragan arrantzalearen adierazgarri oso ona da. Balio artistiko nabarmenik ez du, baina uste dut horrelako eraikinak herri baten memoriaren erakusle izateagatik balioa eman behar zaiela. Zergatik uzten dira alde batera horrelako erakinak? Gehienetan, funtzio bera beteko duen beste eraikin modernoagoa egiten denean, erabilerarik gabe geratzen dira. Azpiegiturak modernizatzen joaten dira, eta Getariako portuko azpiegiturei hori gertatu zaie. Portuko jarduera bera ere tokiz aldatu dute, eta, ondorioz, eraikin zaharra erabilerarik gabe geratu da. Kofradia zaharra bezala ezagutzen duguna, ez zen kofradia bakarrik izan, arrantzaleen aterpetxea ere bazen. Funtzio hori galdu zuenean hutsik geratu zen. Denboraleagatik beste herrietako arrantzaleak babes bila Getariako portura sartzen zirenean, bertan lotarako tokia eta berotzeko nahiz arropak lehortzeko tximinia handi bat izaten zuten. Goiko solairuan erizaindegi bat ere bazegoen. Erakundeek itsas ondareari balioa ematea garrantzitsua izango da, ezta? Erakundeen ardura da ondarea mantentzea. Herritarren dirua kudeatu behar dutenek gizartearentzat garrantzitsuak diren arloak jorratu behar dituzte, eta uste dut gure ondarea babestea ezinbestekoa dela. Urola Kostako Udal Elkartea, esaterako, eskualdeko itsas ondarea balioan jartzeko sentsibilizazio kanpainak egin ditu, eta hainbat hitzaldi antolatu ditu gaiaren inguruan. Ohartu gara itsas ondare hori galtzen ari dela pixkanaka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide